Etxerako bidean, oztoporik ez!

Orioko presoen eskubideen aldeko mugimendua 2023ko urt. 6a, 09:18

Orioko presoen eskubideen aldeko mugimendiak agerraldia egin zuen 2022ko azaroan.

Orioko presoen eskubideen aldeko mugimenduak bihar, urtarrilak 7, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, urtarrileko KARKARA aldizkarian argitaratu duen iritzi artikuluan.

Gregoriok datorren martxoan 21 urte beteko ditu preso, eta zigorra osorik betetzeko beste bederatzi ditu aurretik. Horixe da, gaur-gaurkoz, aurrean duen errealitatearen hodeiertza. 49 urterekin atxilotu zutela eta 79 urterekin askatuko dutela, alegia. Espetxe legedi arrunta ezarri ordez, beste hainbat euskalduni bezala, euren kontra ad hoc asmaturiko salbuespen legedia ezarri diote 2002an atxilotu zutenez geroztik.  

Eta zer esan nahi du horrek? Gregoriok ia 20 urte pasatu ditu lehen graduan, espetxeratu zuten lehen egunetik bertatik hasita. Prebentiboentzako hamargarren graduan hasieran, eta zigortu ostean, lehen graduan, baina biak berdin-berdinak bizi baldintzei dagokienez. Inolako progresiorako aukerarik eman gabe, hasieratik de facto ezeztatu zizkioten edozein presori bezala dagozkion hainbat oinarrizko eskubide. 

Dudarik gabe, zigor gogorrak ditu, baina zigor edo kondena orri bakar batek ere ez dio ezertxo ere urteotan, ia 21 urtez egunero-egunero ordainarazi dizkioten interesez. Interesak, kanpoan bizi garenok erraz ulertzeko moduko adibidea kartzela barruko opakutasunaz ari garenean. 

Gregoriok 30 urteko gehienezko zigorra dauka. Hortik aurrerako guzti-guztia, ordainarazi dizkioten interesak dira: urrunketa, komunikazioen murrizketa eta interbentzioa, isolamendu urteak... eta gradu progresiorako aukerak blokatzea. 

Aitortzen dugu azken bi urteetan euskal presoen egoerak nabarmen egin duela hobera, eta inoizko baikorrena dela, nahiz eta iraganeko garaietan ainguratutako indarrek jarraitzen duten aurrerapauso txikiena ere saboteatzen. Hortxe daukate kateatuta Gregorio. Orain, behintzat, bigarren graduan dago: patio ordu batzuk gehiago ditu, aktibitateren bat gehiago ere bai... Baina datuak hor daude. 2002an atxilotua, 2010ean irteera baimenak eduki ahalko zituzkeen zigorraren laurdena beteta. Aspaldidanik hirugarren graduan egon zitekeen, gutxira baldintzapean aske, eta horren ordez, Dueñasen dago, 310 kilometrora eta bigarren graduan. Lehenago, Curtisen geratu zen azken euskal presoa izan zen, Galizia osoan bakarra. Eta Dueñasen ere, bide bera darama. Dagoen egoeran jarraitzen badu, erabaki politikoengatik da. Eta hori salatu nahi dugu.  

Orion indarkeriek eragindako biktimekiko eta euren senide guzti-guzti-guztien sufrimenduarekiko errespetu osoz, eta inoren bizitzako motxilan min gehiago pilatzeko asmorik gabe diogu: legea betetzeaz ari gara. Oriotar preso bati preso bezala dagozkion eskubideak errespetatzeaz, eta berari buruz hartu beharreko erabakien oinarrian soilik irizpide tekniko-penitentziarioak egoteaz. Onartzea, behingoz, presoek emandako urratsak gatazka gainditzeko, eta baita bizikidetzaren aldeko konpromisoaren bilakaerari buruzko txostenak egitean ere (corta-pega hutsak askotan). Legea betetzeko, hori dena eta hori besterik ez da gure herrikide Gregoriorentzat eskatzen duguna. Nahikoa da, Gregorio etxera! 

Horren guztiaren harira, euskal preso politiko guztiak etxera bidean jartzeko une garrantzitsu honetan, urtarrilaren 7an, Bilbon, 17:00tan hasita egingo den manifestaziorako gonbidapena luzatu nahi dizuegu. 

Etxerako bidean, oztoporik ez!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide