PAPEREKOA

Aldapeko Rosaren testamentua Orioko herriari

Xabier Lizaso 2023ko urt. 8a, 08:00

2019an, Nadeth eta Rosa Arruti Orioko erromesen aterpertxearen sarreran. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Azaroaren 26an zendu zen Rosa Arrutik utzi duen ondarearen inguruan iritzi artikulua idatzi du Xabier Lizasok urtarrileko KARKARA aldizkarirako. Arrutik barrutik sentitzen zuen Done Jakue bidea, eta bere testamenduan idatzita utzi zuen erromesen aterpetxea herriaren eskuetara pasatzea nahi zuela.

Joan den azaroaren 26an zendu zen gure Rosa Arruti. Rosa Aldape, askorentzat. Niretzat emakume maitagarria zen; baina ez da idatzi honen helburua haren izaera azaltzea, baizik eta haren testamentua, Orioko herriari oparitu nahi ziona. Rosarentzat dirua ez zen lehentasun. Pertsona sakona zen; eta 2004an oso proiektu ederra jarri zuen martxan, bere izaerarekin bat egiten zuena. Non eta etxeko garajean, Steve Jobs-en antzera. Zer eta Done Jakue bideko erromesentzako aterpetxea: San Martin Aterpetxea.

Lehenengo urtean 20 erromesek hartu zuten ostatu han. Urte gutxira, 1.000 izan ziren. Azken urteotan Oriotik urtean 11.000 erromes inguru pasatu badira, 4.000 izan dira aterpetxean lo egin dutenak. Lo bakarrik? Ez, gure kulturarekin lehen kontaktua izan dute; gure izaera, ohiturak eta bizimodua ezagutzen hasi; eta euskarazko hitz gutxi batzuk ikasi ere bai. Hori dela eta erromes asko izan dira bueltan Oriora etorri direnak.

Rosak Orioko herriari oparitu nahi izan dio bere lanarekin sortutakoa. Garbi ikusten zuen Orioko herriarentzat aukera zoragarria dela aterpetxe publiko bat izatea bertan. Ez du dirurik ematen, baina ezta zulo ekonomikorik sortzen ere. Bere burua mantentzen duen proiektua da gaur egun. Baina oreka ekonomiko hori erraz gal daiteke. Bideragarritasuna lortzeko lan asko egin behar da; baina galtzeko, nahikoa litzateke aterpetxerik gabe bi urte pasatzea. Zergatik? Ba, erromesek ez dutelako aukeratuko kostako bidea Santiagora joateko. Ikaragarri garestia da, gure hoteletan lo egin behar badute. Kostako bidea, Oriotik pasatzen dena, gutxi erabiltzen zen 2004an. Kostata bihurtu da bide ibilia. Lan asko egin behar izan dute Rosak eta bera bezalako beste batzuek. Zenbat istorio ezagutu dituen aterpetxeak... Egun batean, esaterako, gizon bakarti bat ailegatu zen ostatu eske. Ez zuen inorekin hitz egiten. Baina, halako batean, zera esan zuen: "Tengo que pedir perdón". Gizona andaluziarra zen. Itxuraz, euskaldunoi gorrotoa zigun, eta aitortu zuen bidean, Euskal Herritik pasatzean, euskaldunek eman ziotela ordura arte sekula jaso ez zuen tratu ona. 

Ni Rosaren laguna nintzen, baina herritar bezala idazten ari naiz hau. Oriotarra naizen aldetik, ez nuke galdu nahi Rosa eskaintzen ari zaigun aukera. Ez dugu galtzen utzi behar Orioko aterpetxea. Rosak etxeko lanak jarri zizkigun bera hil aurretik pertsona batzuei: niri, bere hiletan zer musika jo behar nuen; Unai Manterola apaizari, hiletan zer esan behar zuen; eta Aldape ondoko Etxeberriko Anuskari, aterpetxea herriaren eskuetara pasatzea. Orain, erabaki behar dugu Orioko herriak Rosaren testamentua onartu edo ez. Herritarrok eta herriko politikariek etxeko lanak ditugu. Bitartean Rosak bidean segiko du, betiko bere irribarrearekin.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide