Mitsuko Uchidak urtarrilaren 13an Kursaalen eskainiko duen piano kontzertura doako autobusean joateko aukera izango dute Urola Kostako herritarrek. Getariatik, Oriotik, Zumaiatik zein Zarauztik eskainiko dute zerbitzua eta interesdunek hilaren 9a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua. Horretarako, sarrera erosita izan beharko dute aurrez eta Kursaaleko webgunean egin dezakete. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen bitartez egin beharko dituzte haiek ahalbidetutako helbide elektronikoetara edo telefono zenbakietara deituta:
- Getarian info@getariaturismo.eus edo 943-14 09 57.
- Orion orioturismo@gmail.com edo 943-83 55 65.
- Zarautzen kultura@zarautz.eus edo 943-00 51 20.
- Zumaian alondegia@zumaia.eus edo 943 861056.
Emanaldian, piano jotzaile japoniarrak Mahler Chamber Orchestra izango du lagun Kursaaleko oholtza gainean eta honakoa izango da joko duten errepertorioa: Mozarten pianorako 25. kontzertua, Schoenbergen 1. Ganbera Sinfonia eta Mozarten pianorako 27. kontzertua. 20:00etan hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:40ean abiatuko da Zumaiako zineko autobus geltokia, 18:50ean egingo du geldialdia Getariako autobus geltokian, 19:00etan Zarauzko Batzoki aurrean eta 19:10ean Orioko autobus geltokian.
Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du, dena den, eskaintza bertan behera utziko duela 15 pertsonako talde osatzen ez bada, gutxienez. Horrez gain, jakinarazi du langabetuek eta 30 urtetik beherako gazteek sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituztela, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko liekete azken hauei.