Korrika eta umorez beteta agurtu dute urtea Orioko San Silbestre lasterketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 31a, 13:27

Gizonen artean, Aitor Etxeberria igeldotarra izan da azkarrena, 5 kilometroko ibilbidea 0:14:45 denboran osatuta; emakumezkoen kategorian, berriz, lehen postua Ainhoa Murua zarauztarrarentzat izan da, helmugara 0:17:38 denboran iritsita.

Gaur, eguerdian, San Silbestre lasterketa egin dute Orion, herriko Kamel Ziani Atletismo Taldeak antolatuta, eta giro aparta egon da hitzorduan. 11:00etan eman diote hasiera probari, eta lehen zatian etxeko txikiek parte hartu dute lasterketan, adin tarte bakoitzera egokitutako ibilbidea osatuz. Beste behin, belaunaldi berriak ere indartsu datozela erakutsi dute haurrek.

Eguerdian, 12:00etan, hasi da helduen lasterketa, eta 250 lagunek baino gehiagok agurtu dute urtea korrika. Umore ona ez da falta izan urteko azken lasterketan, eta pozez helmugaratu dira parte-hartzaileak. Hala, gizonen kategorian, Aitor Etxeberria igeldotarra izan da azkarrena, 5 kilometroko ibilbidea 0:14:45 denboran osatuta; hiru segundora iritsi da Martin Iriondo (0:14:59) oriotar gaztea, eta 3. postuan sailkatu da Iñigo Exposito (0:14:59).

Emakumezkoen kategorian, berriz, lehen postua Ainhoa Murua zarauztarrarentzat izan da, helmugara 0:17:38 denboran iritsi baita. Bigarren postuan sailkatu da Ainhoa Usandizaga (0:18:23) oriotarra, eta hirugarren izan da Ioana Osa (0:18:36) ondarrutarra.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide