Galarragak eta Ostolazak Asteasun izango dute hitzordua, bihar

Andoni Elduaien 2022ko abe. 30a, 12:26

Udane Ostolaza harria jasotzen. (Ibon Errazu)

Bihar, larunbata, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan hiru herri-kirol txapelketetako finalak jokatu dira, eta bertan izango dira Aimar Galarraga eta Udane Ostolaza.

Herritar askok Aiako eta Orioko San Silbestreetan korrika bukatuko dute urtea, baina izango da urteko azken egunean harri-jasotzen ariko denik ere. Izan ere, bihar, abenduak 31, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuak hartuko ditu Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren, Gizonezkoen Binakako Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finalak.

Binakako Harri-jasotze Txapelketaren finalean, Aimar Galarraga oriotarrak parte hartuko du Pablo Azpiazu bikote duela. Aurkari izango dituzte Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Xabat Olaizola zarauztarrak eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna.

Sei harri-jasotzaileek hainbat lan egin beharko dituzte Asteasun. Hasteko, 175 kiloko harri errektangularrarekin hiru minutuko lana osatu beharko du bikoteko kide batek. Segidan, 100 kiloko harri zilindroarekin beste hiru minutuko lana egin beharko du beste bikotekideak. Lan horren ostean, txanda librean arituko dira harri-jasotzaileak 125 kiloko kubikoarekin, eta amaitzeko, txanda librean 100 kiloko bolarekin egin beharko dute lana. Sorbalda gainera kilo gehien altxatzen dituen bikoteak jantziko du txapela.

Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finalean, aldiz, Txindoki eta Larrun taldeak lehiatuko dira, tartean izango da Udane Ostolaza oriotarra. Izan ere, Ainitze Zumetak, Udane Ostolazak, Lierni Osak eta Nerea Arrutik osatzen dute Txindoki taldea, eta Larrun taldea, berriz, Xanta Sousak, Patricia Martinek, Nerea Sorondok eta Maika Ariztegik. Txingetan, harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen onenak zein diren ebatziko dute finalean; lanak azkarren amaitzen dituen taldeak jantziko du txapela. Proba batetik besterako tartean, gainera, Xabi eta Kristina Solanok trikiti doinuak eskainiko dituzte pilotalekuan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide