Zorione Mendez sortzaileak hainbat proiektu ditu esku artean, eta Gabonetako oporretan, Donostiako Tabakaleran izango da haurrentzako tailerrak eskaintzen. Medialab sailean, Neguko Txokoa antolatu dute, oporraldian 8-12 urte arteko haurrek lagun artean eta modu dibertigarrian hainbat diziplinetan esperimentatzeko aukera izan dezaten. Mendezek, esaterako, plastika lantegiak eskainiko ditu, eta mugimenduari garrantzia emanez, gorputzeko atalekin esperimentatuko dute etxeko txikiek. "Dantza batean murgilduko dira parte-hartzaileak, margotuz eta sortuz"; formatu ertaineko nahiz formatu handiko lan koloretsuak sortuko dituzte, eta borobilek eta koloreek garrantzi berezia hartuko dute.
Lantegietan parte hartzeko sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da.