Bake-epailea aukeratzeko deialdia egin du Orioko Udalak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 26a, 11:20

Interesa dutenek udaletxean egin behar dute eskaera eta 2023ko urtarrilaren 2ra arteko epea dute. Ondoren, udalbatzarrak izendatuko ditu bake-epaile titularra eta ordezkoa.

Orioko Udalak herriko Bake Epaitegiko karguak berritzeko prozesua abiatu du. Bake-epailea izateko ardura hartu nahi dutenek, beraz, dagoeneko aurkeztu dezakete eskaera udaletxean, datorren astelehena, urtarrilaren 2a, izango da eskaerak egiteko azken eguna.

Kargurako ez da inolako titulazio berezirik eskatzen, bake-epailearen betebeharrak eta eginkizunak betetzeko adina gaitasun baino ez. Hori bai, baldintza jakin batzuk bete behar dituzte hautagaiek: naziotasun espainiarra izatea eta adinez nagusia izatea, eginkizun judizialerako ezgaitua ez izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, maltzurkeriazko delituagatik kondenatuta ez egotea, ezta auzipetuta edo inkulpatuta ez egotea ere. Hautagaiek baldintza horiek guztiak betetzen dituztela frogatu beharko dute, eta, horrez gain, memoria txiki bat ere egin beharko dute beren hautagaitzaren egokitasuna eta balorazioa egiteko kontuan hartu daitezkeen aldagaiak adierazteko.

Aipatutako horiek guztiak aintzat hartuta aukeratuko ditu udalbatzarrak bake-epaile titularra eta ordezkoa gehiengo absolutuaren babesarekin; izan ere, tokian tokiko udal ordezkariei dagokie izendapena egitea. Eskaerarik ez balego, udalbatzarrak modu askean aukeratuko ditu prozedura bera aplikatuz, eta Organo Jurisdikzional eskudunari jakinaraziko dio erabakia.

Hemen dituzue ikusgai bake-epaile izateko baldintzak eta betebeharrak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide