Urtearen amaiera gero eta gertuago dago, eta urteko azken egunerako hitzordua antolatu du Orioko Atletismo Taldeak. Oriotarrek urtea kirola eginez eta korrika bukatzea nahi dute, eta horretarako, ohiturari jarraituz, San Silbestre lasterketa antolatu dute.
Abenduaren 31n, goizeko 11:00tan hasiko da Orioko San Silbestrea, eta arropa erosoak edo mozorrorik dotoreenak jantzi eta korrika egitera animatu dituzte. "Kaleak irribarre handiz eta txalo beroz josi ditzagun denon artean. Azkarrenek saria izango dute, baina gainerako parte hartzaileen artean ere sari mordoa zozkatuko dira", azaldu dute. Lasterketan izena eman daiteke honako lotura honetan.
Adinaren araberako distantziak osatu beharko dituzte parte hartzaileek. Hona hemen kategoria bakoitzaren irteera ordutegia:
-11:00etan, HH5etik beherako haurren proba: Kutxatik helmugara, 150 metro.
-11:10ean, LH1 eta LH2ko haurren proba: Sarasua erretegitik helmugara, 300 metro.
-11:20ean, LH3 eta LH4ko haurren proba: 600 metro.
-11:30ean, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoen proba: 1.700 metro.
-12:00etan, helduen proba, buelta txikia bat eta handi bat: 5.000 metro.