Zaharren Babeslekuko bazkideek urteko batzarra egingo dute urtarrilaren 11n

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 19a, 15:31

Batzarra kultur etxean izango da, 16:30ean hasita. Horrez gain, zuzendaritzak jakinarazi du bazkideek urtarrilaren 16tik 19ra bitartean ordaindu beharko dutela urteko kuota. Zaharren Babeslekuan bertan egin beharko dute hori, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era.

Urtarrilaren 11n, Zaharren Babeslekuko kideek urteko batzarra egingo dute kultur etxean, 16:30ean hasita. Lehenik eta behin elkarteko presidenteak aurkezpentxoa egingo du, eta ondoren hainbat gai jorratuko dituzte. 2022ko martxoaren 2an egindako azken Batzar Nagusiaren akta irakurri eta, egokia bada, onartu egingo dute. Horrez gain, ekitaldi ekonomikoaren itxiera egingo dute, eta 2022. urteko balantzea aurkeztuko dute. 2022ko jardueren memoria aurkeztuko dute, eta zuzendaritzak proposamena egingo du urteko kuota 10 eurora igotzeko. Bukaeran, eskarien eta galderen tartea zabalduko dute. Batzarrean Anuska Esnal alkateak ere hartuko du hitza.

Urteko kuota

Bestalde, Zaharren Babeslekuko zuzendaritzak jakinarazi du bazkideek urtarrilaren 16tik 19ra bitartean —biak barne— ordaindu beharko dutela urteko kuota. Zaharren Babeslekuan bertan egin beharko dute hori, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era. 2022ko abenduaren 31 baino lehen 80 urte bete dituzten bazkidek ez dute kuotarik ordaindu beharko; beste guztiek, bai. 10 eurokoa izango da hurrengo urteko kuota eta ordaintzerakoan bazkide agiria aurkeztu beharko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide