Zarautz Kirol Elkarteko Joseba Altuna eta Mikel Vega pilotariek ezin izan zuten irabazi Espainiako Pilota Egokituko Txapelketako palako finala. Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Leire Esnal zumaiarrak osatutako bikotearen kontra aritu ziren Iruñeko Labrit pilotalekuan eta aurkariek aise garaitu zituzten: 25-10.
Sagarmendi izan zen finalean maila handiena erakutsi zuen pilotaria eta ez zion garaipenera gerturatzeko zirrikiturik txikiena ere utzi ZKEko bikoteari. Hala, iaz irabazitako txapelari eutsi zion mutrikuarrak Leire Esnalekin batera oraingoan.
Gurpildun aulkikoen kategoriako finala ere jokatu zen atzo eta lehiatuagoa izan zen norgehiagoka; izan ere, 10-9, 4-10, eta 5-1 nagusitu ziren Gaizka Fernandez eta Beñat Lizaso, Joseba Lasa eta Edorta de Antaren aurka.