Gaur, goiz-eguerdi partean, plazara bertaratu diren haurrek jostailuz eta liburuz beteta aurkitu dute. Mota guztietako jostailuak aurki zitezkeen azokan, txukun-txukun sailkatuta eta egoera ezinhobean. Hala, etxeko txikiek behar zuten denbora hartu dute jostailuak banan-banan begiratzeko eta aztertzeko, azkenean, gustukoena aukeratu ahal izateko.
Aurten Herrio natur taldeak, Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Eskolak elkarlanean antolatu dute egitasmoa eta erantzun bikaina izan da, jostailu eta liburu asko bildu baitituzte. Azokaren helburua izan da "euskara, trukea eta berrerabilpena sustatzea", eta baita "gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea ere".