PAPEREKOA

Balea arrantza Orioren sustraietan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abe. 17a, 11:00

Iñaki Agote 80. hamarkadan aurkitu zuen balea hezurrarekin. Orain turismo bulegoan jarri dute ikusgai.

Orain gutxi jakin da 1980eko hamarkadan errioan aurkitu zuten balea hezurrak 800 urte dituela. Xabier Alberdi historialariaren iritziz, Orioren historia ezagutzeko "pista garrantzitsua" da aurkikuntza, erakusten duelako hiribildua sortu aurretik oriotarrak balea arrantzan jarduten zutela.

Urte luzez egon da balea hezur bat herritarren bistan, Bizkarreneko etxearen atzeko aldean, Bordatxo tabernaren atzean, hain zuzen ere. Hasieran, uste zuten 1901ean harrapatutako balearekin lotura izan zezakeela, baina orain gutxi ezustekoa hartu dute udaleko ordezkari eta teknikariek, hiru hamarkadaz aire zabalean egon den hezurrak 800 urte dituela jakin dutenean. Orain Turismo Bulegoan jarri dute ikusgai, beirazko kutxa batean ondo babestuta. Xabier Alberdi historialariaren iritziz, balea hezur horrek erakusten du "itsas jardueretan sustraitutako herria" izan dela Orio. "Gaur egun itsasontzi gutxi batzuk badaude ere, duela hamarkada gutxi arte itsas flota garrantzitsua zuen herriak. Arrantza izan da herriaren jarduera ekonomiko nagusia mendeetan zehar, baina garai batean oraindik ere garrantzitsuagoa zen, bertan egiten zutelako Europan beste inon egiten ez zen arrantza: balea arrantza. Horrek herri gisa garatzeko eta aurrera egiteko aukera paregabea eskaini zien oriotarrei", adierazi du.

Ezusteko aurkikuntza

Balea hezurra 1980ko hamarkadan aurkitu zuten dragatze lanetan ari zirela, Bizkarreneko etxearen atzeko moila zegoen tokian. "Kofradiak diru publikoarekin dragak egiten zituen nabigazio kanala garbitzeko, eta 1980an, kofradiatik zubira arteko moila bazterra dragatzen hasi ziren. Beste hainbatetan bezala, errioa begiratzen ari ginela, konturatu nintzen hondeatzaileak lohiarekin batera tamaina handiko zerbait atera zuela uretatik. Ni une hartan zinegotzia nintzen udalean, eta gelditzeko eskatu nion langileari, balea hezurra zela iruditu baitzitzaidan", gogoratu du Iñaki Agotek.

Handik bi egunera, Donostiako Aquariumeko zuzendari zen Jose Manuel Sustetari hots egin zion Agotek aurkikuntzaren berri emanez, eta ikusi orduko baieztatu zion balea hezurra zela. "Orduan, hondartza ingurutik arroka bat hartu genuen eta haren gainean jarri genuen hezurra. Anaiak Ur-lan izeneko tailerra zuen garai hartan, eta aingura bat egiteko eskatu nion, eta eskultura gisa jarri genuen, Bizkarraneko etxearen atzean, hezurra topatu zen pare hartan". 

Gaia sakonago ezagutzeko Selma Huxley historialari entzutetsua ere ekarri zuen Agotek Oriora. "Huxleyk ikerketa sakona egin zuen euskaldunen balea arrantzaren inguruan, eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide izendatu zuten. Hala, gaiaren inguruko hitzaldia ematera ekarri genuen Oriora, Leunda Zinemara. Bete egin zen aretoa; arrantzale zaharrak ere interesatu ziren gaiaz. Gaurko egunean ez lirateke joango halako hitzaldi bat entzutera, baina orduan joan ziren. Huxleyk hitzaldia bukatu zuenean, arraun artean eraman genuen hezurra Bizkarraneko etxearen atzean zegoen lorategitxora. Plaka bat jarri genion, euskaraz. Urte luzez egon zen bertan", adierazi du Agotek.

Balea hezurra kaltetuta

Orain urte gutxi plaza ingurua eraberritzeko lanak abiatu zituztenean, baina, balea hezurra erretiratu egin zuen udalak. Pilar Azurmendi Orioko Udaleko arkitektoak azaldu duenez, hasieran, hezurra udal brigadako biltegian gordetzea zen asmoa. "Baina galdu egin zitekeela iruditu zitzaigun, eta udaleko bulego teknikora ekarri genuen. Oso kaltetuta zegoen: zomorro eta intsektu piloa ateratzen zitzaizkion barrendik eta desegin ere egiten zen. Hori dela eta, Irungo gordailuko errestaurazio arkeologikoko tailerrarekin harremanetan jarri ginen. Bertan lan egiten du Giorgio Studer berreskuratzaileak, eta berak proposatu zigun errestauratzea eta datatzea, noizkoa zen jakiteko". Suediako Uppsalako Unibertsitatera bidali zuten datazioa egiteko, eta jakin zen balea hezurrak 800 urte inguru zituela. "Mota horretako datazioak bi metodo bidez egiten dira: isotopo bidez eta karbono 14 metodo bidez. Kasu honetan bi datazioetan emaitza antzekoa eman zuen, alegia, hezurrak 740-800 urte inguru zituela. Studerrek esan zigun zenbat urte zituen jakinda eta azken hamarkadetan kalean egon zela kontuan hartuta, ulergarria zela horren narriatuta egotea".

Errestaurazioa bukatu zutenean, kalean ez uztea gomendatu zioten udalari, "balioa duelako eta kaltetu egingo litzatekeelako". Horregatik, Turismo Bulegoan jarri dute beirazko kutxa batean, jendeak ikus dezan eta ondo kontserbatua egon dadin. "Uretan egon zen bitartean hobeto kontserbatu zen, baina azken hogeita hamar urteetan, kalean, eguraldi aldaketekin eta kutsadurarekin, asko hondatu da. Orain, berriz, beirazko kutxa batean jarri dugu, argi izpietatik babesteko eta tenperatura eta egoera egonkor batean mantentzeko".

Iñaki Agote pozarren dago balea hezurrari merezi duen garrantzia eman zaiolako: "Ikaragarrizko aurkikuntza da, hezur horren bitartez ezagutu dezakegulako Orioren historia. Izan ere, hezurrak adierazten du mende askotan zehar balea arrantzan jardun zutela oriotarrek. Hezurra aurkitu genuenean, bateren batek pentsatuko zuen txorakeriatan nenbilela, baina, azkenean, denborak arrazoia eman dit".

Balea arrantzaren garrantzia 

Oriokoa ez da inguru honetan aurkitu den balea hezur zaharrena. Xabier Alberdi historialariaren esanetan, datatu diren balea hezur zaharrenak Getarian aurkitu ziren, eta IX. edo X. mendekoak dira. "Nahiko ohikoa izaten da portu inguruetan egiten diren indusketetan balea hezurrak agertzea. Hondarribian, Donostian eta Zumaian ere topatu izan dira, baina ohikoa ez dena da hezur horiek datatzea". Uste du herriaren historia ezagutzeko aurkikuntza garrantzitsua dela 1980eko hamarkadan aurkitutako balea hezurra, eta horri esker herriaren sustraiak hobeto ezagutu daitezkeela. "Material horrek esaten digu hiribildua sortu baino ehun urte lehenago, dagoeneko oriotarrak balea arrantzan aritzen zirela". Norbaitek pentsa dezake ohikoa zela, baina Alberdik argitu du garai hartan "Europan baleatan euskaldunak bakarrik" aritzen zirela, eta horrek "diru sarrera garrantzitsuak" ekartzen zizkiela. "Hain zuzen ere, horrek ahalbidetu zuen hiribildu izaera eskuratzeko egin behar ziren kudeaketa eta gastuei aurre egiteko baliabideak eskura izatea". 

Animalia horren arrantza jarduera ekonomiko garrantzitsua zen, eta eskatzen zuen gizarte eta ekonomia antolaketa bat. "Bale bakarretik 40.000 litro olio atera zitezkeen, eta hori saldu egiten zuten. Beraz, merkataritza harremanak garatu behar izaten ziren, olio hori kanpoan saltzeko. Horrez gain, baleak harrapatzeko lagun talde handiak eta baliabideak ere behar izaten ziren, eta horretarako antolaketa eta ekonomiaren dibertsifikazioa ezinbestekoak ziren; baleak arrantzatzeko ontziak egin behar ziren, eta horiek egin ahal izateko ontzigintza eta burdingintza garatuta izatea ere behar-beharrezkoa zen, baita sokagintza, oihalgintza eta beste hainbat jarduera ekonomiko ere. Horrez gain, antolaketa enpresariala ere inportantea zen, kontratatu behar zirelako arrantzaleak, arpoilariak...". Hortaz, Alberdik uste du duela zortzi mende Orion bizi ziren herritarrek "uste dena baino gizarte antolaketa konplexuagoa" zutela. Gainera, jarduera ekonomiko horri esker etekinak izaten zituzten arrantzaleek, eta ordaintzen zituzten zergei esker eraiki ahal izaten zuten, besteak beste, eliza. "Garai hartan eliza udalaren atal bat zen, eta oriotarrek ordaintzen zituzten zergen zati bat bideratzen zen eliza eraikitzeko eta beste hainbat beharrei erantzuteko".

Gizarte antolaketa horren beste adierazleetako bat kofradia zen. "Arrantzaleen interesak babesteko sortu ziren kofradiak, eta arrantzaleek beren irabazien zati bat kofradiara bideratzen zuten. Orioko arrantzaleen kofradia XVI. mende hasieran erakundetu zen, elizaren babesean, baina hiribilduarekin gertatzen den bezala, horrek ez du esan nahi lehenagotik ez zegoenik. Hasieran, arrantzaleen anaidia zen, hau da, jarduera berean zebiltzanak biltzen zituen idatzi edo legeztatu gabeko erakunde bat, eta seguruenik, hiribildua sortu aurrekoa izango zen hori ere".

Bederatzi mendetan zehar aritu ziren euskaldunak balea arrantzan, XVIII. mendean itsas jarduerari eta ekonomiari dagokionez aldaketa garrantzitsuak gertatu eta gainbeheran hasi zen arte. "Erdi Aroko dokumentazioa oso eskasa da, baina badakigu garai hartan inguruko lurraldeetara joaten zirela euskal arrantzaleak baleatara —Galiziara, Islandiara eta Ingalaterrara, esaterako— eta haien artean baziren oriotarrak ere. Ondoren, ozeanoa zeharkatu eta Terranovara joaten hasi ziren. Bertan aurkitu diren aipamenik zaharrenak XV. mende hasierakoak dira. Indarrean dagoen hipotesia da, seguruenik, hasieran bakailaotara joan zirela euskaldunak Terranovara, eta bertan zegoen balea pila ikusita, baleak arrantzatzen hasi zirela. Dena den, horri erantzunak arkeologiak eman beharko dizkio, bertan egindako indusketetan aztarnak topatzen ari diren heinean".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide