Gabonetan, aulki hutsa etxean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 16a, 10:09

'Gabonak eta aulki hutsa' hitzaldi sorta antolatu du Zainbizi elkarteak

Eider Otxoa dolu-terapeutak hitzaldia emango du gaur Salatxo aretoan, Gabonak eta dolu prozesua hizpide hartuta. Hutsuneari aurre egiteko hainbat argibide emango ditu saioan. Astelehenean, berriz, Lori Thomsomek landuko du gaia Zarautzen.

Gabonak ate joka dira, eta "familia giroan, goxotasunez" pasatzeko egunak direla uste bada ere, jende askorentzat "garai gogorra" dela aitortu du Eider Otxoa dolu-terapeutak. Gaur iluntzean hitzaldia emango du Orioko Salatxo aretoan, Zainbizi elkarteak antolatuta, Gabonak eta aulki hutsa izenburupean. "Gabonek mina bikoizten dute  dolua bizitzen ari diren pertsonen artean. Aurrekoan, hain zuzen ere, paziente batek esaten zidan Gabonak ez zituela bizi nahi", azaldu du Otxoak. Izan ere, familian eta lagunen artean norbait falta denean, "Gabonetan hutsunea handitu" egiten dela aitortu du. "Horregatik, Gabonak oso garai zaila izaten dira dolua bizitzen ari diren familia askoren etxean".

Hutsune hori, ordea, Gabonetan modu desberdinetan bizi daiteke, dolu-terapeutaren iritziz. "Lehenengo urtean, esaterako, batzuk erabaki dezakete Gabonak ez ospatzea, eta horren ordez oporretara joatea, Kanariar Uharteetara adibidez, Gabon kutsutik aldentzeko. Hori izango litzateke kontzienteki hartutako erabakia, jakinda Gabonek bizitzen ari garen mina areagotzen digutela. Baina ez dugu gaizki sentitu behar hori erabakitzen badugu, ez da ezer gertatzen". Egoera hori bizi duten askok hurrengo Gabonak nolakoak izango diren galdetzeko joera dutela adierazi du Otxoak, baina nabarmendu du bigarren urtea ez dela lehenengoa bezalakoa izaten, "urtean zehar dolu hori eraldatzen joaten delako".

Falta direnak gogoratuz

Otxoaren esanetan, badira familiak ezer gertatu ez balitz bezala pasatzen dituztenak Gabonak. «Semea hil eta Gabonak normal pasatzen dituzten familiak badaude. Baina nola pasako ditugu normal semea edo anaia falta bazaigu? Gure mina gainditzeko nahi horrek bultzatuta, falta den pertsona ezeztatu egiten da, eta inoiz egon ez balitz bezala jokatzen dute zenbaitek".

Badago hirugarren aukera bat ere: "Goxotasunez, falta diren pertsona horiek gogoratzea eta aipatzea". Horretarako bide asko egon daitezkeela dio dolu-terapeutak: mahaian aulki huts bat jarri; errito bat egitea afalaurretik falta den hori gogoratuz; hark gustuko zuen musika entzun edo askotan kantatzen zuen abestia kantatu... "Batzuk pentsatuko dute: nola jarriko gara ba denok batera negarrez? Erresistentzia handia izaten dugu mina bizitzeko, baina denok batera dolua eta sentitzen dugun mina biziz, elkarrekin sendatzen ari gara pixkanaka. Hori bizi ostean, afariak jarraitu egingo du, goxotasunean". 

Hala, datozen Gabonetan lehenbizikoz falta diren horien hutsunea biziko dutenek pentsa dezakete minak hor jarraituko duela betiko, baina Otxoak argi du "eraldatu" egiten dela. "Dolu prozesuan sartzen garenean, minari presentzia ematen diogu. Inork ez du nahi izaten min horretan murgildu, baina beharrezkoa da. Zaila izaten da prozesu horretan sartzea, eta sinestea, bukaeran argia ikusiko dugula, nahiz eta beti geratuko zaigun min txikitxo bat. Badakigu, prozesua aurrera doan heinean, falta diren pertsona horiek gure barruan beste modu batera sentitzen ditugula, eta beste presentzia bat ematen diegula".

Hitzaldiak Orion eta Zarautzen

Zainbizi elkarteak Gabonak eta aulki hutsa hitzaldi sorta antolatu du datozen egunetarako; Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte saioak, tartean, gaur arratsaldean Orioko Salatxo aretoan. Astelehenerako, berriz, Zarautzen antolatu dute saioa. Antoniano aretoan izango da, 18:00etan hasita, eta Lori Thomsomek gidatuko du. Hitzaldiren batean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena: Orioko saiorako 613 02 36 18 telefono zenbakira hots egin behar da, eta Zarauzkoan parte hartzeko, 609 42 85 47 telefono zenbakira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide