Jon Azkuek Bidasoa taldea utziko du denboraldi bukaeran

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 15a, 15:23

Jon Azkue partida jokatzen. Artxiboko argazkia. (Bidasoa-Irun taldea)

Gaur goizean eman du erabakiaren berri, prentsa agerraldi batean. Ondoan izan ditu familia, lagunak, taldekideak eta zuzendaritzako kideak.

11 urtez Bidasoa taldean jokatu ondoren, Jon Azkue eskubaloi-jokalari oriotarrak taldea uztea erabaki du, denboraldia amaitzen denean. 17 urte zituenean iritsi zen Irungo taldera, eta ibilbide oparoa izan du bertan; besteak beste, azken zortzi urtetan Asobal Ligan jokatu du, 173 partidetan 657 tanto eginez, eta Europa mailako txapelketetan ere aritu da oriotarra. Gainera, 2021eko ekainetik taldeko kapitaina da, taldearentzat "erreferente garrantzitsua".

Gaur goizeko prentsa agerraldian azaldu duenez, 2023ko udan amaitzen zaio Bidasoa taldearekin duen lan-hitzarmena, eta ez du berrituko. "Erronka eta aukera berriak" sortu zaizkiola adierazi du, beti bizi nahi izan dituen "esperientziak". Dena dela, argi utzi du Bidasoa taldea "bere etxea" dela. "17 urterekin, talderik gabe nengoenean, esku-zabalik hartu ninduen Bidasoa taldeak". Horregatik, Azkuek eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan izan dituen entrenatzaileei, zuzendaritzako kideei, kirol ibilbide horretan gertu izan dituen lagunei eta Bidasoako zaleei, "etxean sentiarazteagatik". Hala ere, oriotarrak ez du agurtzat hartu taldea uzteko erabakia, "gure bideak berriz gurutzatuko direla ziur bainago".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide