Martxan da 'Oriooroimena.eus'

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 14a, 17:26

1936tik gaur arte Orion izan diren giza eskubide urraketak biltzen ditu Interneteko atariak. Aranzadik eta Iñaki Iturain oriotarrak egindako ikerketak ditu oinarrian. 

Bi urte pasatxo dira Aranzadi zientzia elkarteko kideak 1936tik gaur arte Orion izandako eskubide urraketak ikertzen hasi zirela, eta lan horren lehendabiziko emaitzak herritarren eskura jarri dituzte orain, Oriooroimena.eus ataria martxan jarrita. Atzo webgunea aurkezteko ekitaldia egin zuten kultur etxean, eta han izan ziren, besteak bestea, Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialaria, Iñaki Iturain 1936ko gerraren ubera Orion. Gerra bat barruan degula liburuaren egilea, Orioko Udal Bizikidetza Batzordeko eta Herritarren Foroko kideak eta euren testigantzak eman dituzten hainbat herritar.

Azken urteotan Aranzadik Urola Kostako zein Euskal Herriko herri askotan egin ditu gisa bereko ikerketak. 1936tik gaurdainoko tartea bi zatitan banatu ohi dute: bata, oroimen historikoa deitutakoa, 1936ko gerra eta  gerra osteko errepresioaren aldia litzatekeena, 1960ra artekoa; eta bestea, gertuko oroimena deitutakoa, 1960tik gaur artekoa. Bucesen esanetan, Orion, batez ere, bigarren partea da landu dutena, lehendabizikoa Iñaki Iturainek landu zuelako 1936ko gerraren ubera Orion. Gerra bat barruan degula liburua egin zuenean.

Iturain gerra garaiko kontuak ikertzen hasi zen aitari etxean entzundako istorioek interesa piztuta. "Aita gerran ibili zen. Zortea izan zuen, eta inteligentzia ere bai. Burgosera eraman zuten eta jakin zuen han bazela kuartel bat soldaduak intendentziarako prestatzen zituztena. Intendentzia da hornidura, lehenengo lerroan dauden soldaduei jatekoa eta abar eramatea. Horrela ibili zelako ez zen hil Ebroko batailan, baina hainbat oriotar han hil ziren, besteak beste, Maria Maistraren seme bat. Nire aitonaren anaiak, berriz, 36an Orioko alkatea zenak, nazionalak herrira sartu baino lehenago Oriotik Donibane Lohizunera itsasontziz alde egin zuen beste hainbat oriotarrekin batera. Gerora gehienak bueltatu ziren, baina nire aitonaren anaia han gelditu zen betiko eta nik ez nuen sekula ezagutu, itzuli izan balitz hamabi urteko kartzelaldiari eta 1.000 pezetako isunari aurre egin beharko zielako". Jakinminak bultzatuta hasi zen ikertzen Iturain, eta ikertutakoak 2014an argitaratutako liburuan jaso zituen. "Denera, 22 lagun hil ziren Orion gerrari lotuta, era askotan"1936tik gaur arte Orion izan diren giza eskubide urraketak biltzen ditu Interneteko atariak .Aranzadik eta Iñaki Iturain oriotarrak egindako ikerketak ditu oinarrian.     

Aranzadikoak Orion lanean hasi zirenean, balekotzat jo zuten Iturainen ikerketa, eta beraz, ikertutzat jo zuten oroimen historikoa; horregatik zentratu dira gertuko oroimenean. Bucesen esanetan, nekezagoa izaten gertuko oroimeneko lekukotasunak biltzea, oroimen historikokoak baino. "1936ko gerran eta gerra ostean eskubide urraketen inguruan dezenteko adostasuna dago gizartean, eta eskubide urraketak jasan zituzten gehienak, zoritxarrez, dagoeneko hilda daude; hortaz, haien berri emate digutenak seme-alabak edo senideak izaten dira. 1960tik gaur arteko eskubide urraketak jasan dituztenetako asko, ordea, oraindik bizi dira, eta jasandakoa lehendabiziko pertsonan kontatzea mingarria egiten da. Gainera, ez dago horrenbesteko kontsentsurik gizartean, zer den terrorismoa, zer ez, zer egin duten batzuk, zer besteek... Eta errelatoaren gerra horretan, zaila izaten da jendeari ulertaraztea guk helburua oinarrizko zerbait egitea dela, erradiografia bat, jakiteko, gutxienez, zer gertatu den gure herrian".

Erradiografia hori egiteko elkarrizketak egiten dituzte, eta elkarrizketa horietan oreka bilatzen saiatzen dira, egon daitezela era guztietako biktimak: torturatuak, ETAren biktimak, estatuaren biktimak... Eta, paraleloki, ikerketa historikoa egiten dute biktimen inguruko informazioa artxibo polizial, militar, lokal eta abarretan bilatuta. "Horrenbeste alditan entzuten ditugun egia, justizia eta erreparazioa printzipioetara jota, guren ikerketekin bilatzen duguna egia hori azaleratzea. Gero, alderdi bakoitzak egingo du bere errelatoa, baina guk nahi duguna da jakitea, gutxienez, zer gertatu den, gure herrian zenbat lagunek jasan dituzten eskubide urraketak eta bakoitzak zer motatako eskubide urraketa jasan duen".

Atzotik martxan den Oriooroimena.eus atarian, besteak bestea, Orion egindako hamar elkarrizketa jarri dituzte ikusgai eta entzungai, eta biktimatzat jo dituzten hainbat herritarren inguruko informazioa ere bai. Bucesek nabarmendu du Orion oreka lortu dutela, "beti ez dugu lortzen, bai Orion, bai". Hemendik aurrerako lana webgune hori osatzen joatea izango da. "Zer motatako edukiak jasotzen ditugun ikustean, jendea animatu egiten da lekukotasunak ematera, eta espero dugu Orion ere hala gertatuko dela".   

(Argazkiak: Bakeola)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide