Bihar, osteguna, hasiko dituzte Benta bidea asfaltatzeko lanak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 14a, 09:45

Benta bidea itxita izango da, asfaltatze lanak egingo dituztelako.

Errepidearen goiko aldetik hasiko dira asfaltatze lanetan, eta Orioko Udalak aurreikusi du sei bat egun beharko dituztela lanak amaitzeko. Hala ere, eguraldiak baldintzatuko du lanen garapena.

Bihar, hilak 15, abiatuko dituzte Benta bidea asfaltatzeko lanak, eta Orioko Udalak jakinarazi du lanek irauten duten bitartean, errepidea erabat itxita egongo dela; inguruko bizilagunek bakarrik pasa ahal izango dute bertatik. Aurreikuspenen arabera, lanek sei lanegun irautea aurreikusi dute: bihar, etzi, eta datorren astean, astelehenetik ostegunera. Hala ere, udalak aurreratu du eguraldiak baldintzatuko duela lanen garapena. Asteburuetan, zabalik izango da errepidea

Lanak Asfaltia enpresak egingo ditu, eta 328.000 euroko kostua izango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko diru-laguntza eman dio Orioko Udalari, lanak egiteko.

Aldaketak zirkulazioan

Errepidea itxita egongo denez, lanen lehen fasean, Etxaizetik behera bizi diren bizilagunek Benta bidetik jaisteko aukera izango dute; hortik gorakoek, aldiz, buelta osoa eman beharko dute herrira jaisteko.

Lanen bigarren fasean, aldiz, guztiek egin beharko dute buelta osoa. Bigarren fase honek egun bat ala bi iraungo ditu. Udalak barkamena eskatu die auzotarrei eragozpenengatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide