Zainbizi elkarteak Gabonak eta aulki hutsa hitzaldi sorta antolatu du datozen egunetarako; Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte saioak, tartean Orion. Hain zuzen ere, hilaren 16an, ostiralean, 19:00etan hasita, Salatxo aretoan izango da Eider Otxoa dolu terapeutak gidatuko duen saioa, eta Gabon garaian dolu prozesuari aurre nola egin azalduko du bertan; horrez gain, testigantza bat ere aurkeztuko dute ekitaldian.
Zainbizi elkarteko kideek azaldu dutenez, iaz antolatu zuten lehen aldiz egitasmoa eta harrera ona izan zuen. "Ekitaldi xumea, baina aberasgarria izan zen bertaratu zirenentzat. Horregatik, aurten berriz ere antolatzea erabaki dugu". Hitzaldian izan nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, 613- 02 36 18 telefonora hots eginda.