Orioko Udal Bizikidetza Batzordeak Memoriaren Egunaren bueltan antolatutako programaren azken saioa egingo dute datorren asteartean, abenduaren 13an. Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak hitzaldia eskainiko du kultur etxean, 1936tik gaur arte Orion izandako giza eskubideen urraketei buruz. Iñaki Iturain ere saioan izango da, 1936ko gerraren ubera Orion. Gerra bat barruan degula ikerketaren egilea eta Aranzadik egindakoaren lanaren abiapuntua.
2019an, Orioko Udal Bizikidetza Batzordeak eta Herritarren Foroak herrian izandako gertakariak argitzeko beharra ikusi zuten. Horregatik, eskaera egin zioten Aranzadi zientzia elkarteari 1936tik gaur arte izandako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa egiteko, nazioarteko legediak ezarritako irizpideak jarraituz. Eta abenduaren 13an, asteartearekin, ikerketa horren emaitzak azalduko ditu Bucesek.
Egindako lanaren helburua da Orion gertatutakoa jasotzea eta gordetzea; protagonisten testigantzak biltzea, ahaztu ez daitezen. Adituen hitzetan, datuen aniztasuna oso azpimarragarria izan da Orioren kasuan, eta askotan lortzen zailak diren lekukotzak eta ziurtagiriak lortu dira. Bizikidetza Batzordeko kideak eta, bereziki, Herritar Foroak egindako ekarpena nabarmendu dute, oriotarrak ikerketan parte hartzera animatu dituztelako. Eta bide batez, esker ona azaldu nahi izan diete ikerketan parte hartu duten guztiei.
Astearteko saioa kultur etxean izango da, 19:00etan hasita. Saio irekia izango da eta gaian interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuta.