Bigarren urtez jarraian, Arkupe merkatarien elkarteak, udalaren eta Caritasen babesarekin, Eltzeitsu Solidarioak ekimena jarri du martxan. Hain zuzen ere, elkarteko saltokiek eltzeitsuak jarriko dituzte mostradoreetan, herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Horien aldamenean ekimenaren nondik norakoak azaltzen dituen kartel bana ere jarriko dute, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Eltzeitsuetan bildutako dirua Caritasek jasoko du, eta, diru horrekin, erosketak egingo ditu herriko dendetan. Erositako produktuak poltsetan sartu, eta udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, egoera zaurgarrian dauden herriko familien artean banatuko ditu, premien arabera. Modu horretara, bi gauza lortu nahi dituzte: beharrean dauden herriko familiei laguntzea eta herriko merkatari txikiei bultzada ematea.
Unai Manterola apaizak azaldu duenez, iaz 1.200 euro inguru bildu zituzten. "Hori, urteko lau igandetan mezetan egiten den diru bilketa berezia, hainbat herritarren eskupekoak eta udalak emandako 6.000 euroko laguntza dira Caritasen diru iturriak. Jendeak badu Caritasekiko nolabaiteko errezeloa, eta batzuek zalantzan jartzen dute benetan behar duen jendeari laguntzen dion edo ez. Bada, nik ziurtatu dezaket laguntzen %100 udaleko Gizarte Zerbitzuekin hitz eginda eta adostuta ematen direla". Apaizaren iritziz, "pozgarria da" Gizarte Zerbitzuetan aritzen diren langileekin duten komunikazioa eta elkarlana. "Aurrerantzean ere jarrai dezagula denok oriotarren bizitza duinagoa eta errazagoa egiten".