PAPEREKOA

"Urteek erakutsi digute momentua dastatu egin behar dela"

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 4a, 10:00

Asier Gozategi. (Arnaitz Rubio Aprea)

Hiru hamarkada plazan daramatzaten taldeak gutxi izango dira munduan, baina Orion bada bat: Gozategi. Taldeak 30 urte bete ditu aurten, eta San Nikolas bezperan kontzertua emango du herriko plazan, 23:30ean hasita.

Aurten 30 urte bete ditu Gozategi taldeak. Erraz esaten da. 1992an hasi zuten bidea Ainhoa eta Asier Gozategi anai-arrebek eta Iñigo Goikoetxeak, eta hamar disko, milaka kontzertu eta milioika kilometro geroago, sasoi betean jarraitzen du taldeak, Asierren eta Iñigoren gidaritzapean —Ainhoak 2006an utzi zuen taldea—. Baina hiru hamarkada hiru hamarkada dira, eta ez dira alferrik pasatu. Ordukoez, oraingoez eta bidekoez jardun du Asier Gozategik (Orio, 1972).  

Uda aurretik zenioen aurtengo agendari begiratu eta sekula baino bertigo handiagoa sentitzen zenuela. Zerk ematen zizun bertigoa?

Bertigoa ematen zidan udako hitzartuta genituen kontzertu guztiak zerrenda batean ikusteak. Bi urte geldirik egon eta gero, nire kezka zen lan karga horri guztiari erantzuteko kapaz izango ote ginen, eta erantzun bakarrik ez, baita nola erantzungo genion ere.   

Zerrendaren azkenetara iritsi zarete. Zer moduzkoa izan da uda?  

Zoragarria izan da. Orain atzera begiratzen dugu eta "uda egin dugu?" galdetzen diogu geure buruari. Hunkigarria izan da plazak gainezka ikustea, eta plazan ikustea gazteak, helduxeagoak, helduak, aiton-amonak, denak batera; horrek asko balio du. Ematen du ahaztu egin zaigula, baina bi urtean etxean egon gara, eta jendeak beharra zeukan. 

Zenbat kontzertu eman dituzue?  

50 bat. Martxoan eta apirilean pare bat kontzertu eman genituen, eta maiatzean hasi eta oraintxe arte gelditu ere egin gabe ibili gara. Emanaldi gehienak ekainetik irailaren bukaerara bitartean egin ditugu, baina urrian ere izan ditugu, eta azarorako eta abendurako ere baditugu. 

Beraz, ia urte guztia iraun du zuen udak…

Gutxi gorabehera. Gainera, izan da ustekabean etorritakoa. Urtarrilean imajinatu ere ezin genuen egin horrelako urtea egingo genuenik, artean saio bat bera ere ez baikeneukan lotuta. Oraindik ondo gogoan dut otsailaren 14an Tolosako alkateak nola esan zuen karnabalak egin egingo zituztela. Momentu hartantxe hasi zen telefonoa jotzen, eta oraindik ez da isildu.  

Pandemia aurretik, gutxi gorabehera zenbat kontzertu ematen zenituzten urtean? 

30 bat kontzerturen bueltan ibiliko ginen, eta hori asko da. 30 kontzertuko urtea, urte oso ona da.

Eta aurten zer gertatu da?

Txorrota itxita egon dela bi urtean, eta ireki dutenean… Jendearen emana ere sekulakoa izan da.   

Porru patata-rik gabeko festarik izan ote da Euskal Herrian?

Porru patata-rena izan da kristorena, pasada bat. Hamasei urte dauzka kantak, 2006koa da, eta udako kanta izan da. Orain dela bost urte ere, taldearen 25. urteurrenean, kontzertu pila eman genituen han eta hemen. Donostian jo genuen, Bilboko jaietan jo genuen eta ospakizunik handiena-edo Iruñeko kontzertua izan zen. Orduan, Kalanbreak zen momentuko kanta; "Astelehena biharamun…" hasi, eta lehertu egiten zen plaza. Aurten hori gertatu da Porru patata-rekin.

Aurtengo udako emanaldiren bat nabarmendu beharko bazenu?

Toki askotan hunkitu gara. Zenbat aldiz esan ote dugu "gaurkoa ez dago gainditzerik", eta hurrengo egunean joan eta gainditu. Bakarra aukeratu beharko banu, Leitzakoa (Nafarroa) esango nuke, abuztuaren 12an eman genuena. Iritsi ginenetik euskal giro jatorra, zaharrak, gazteak... San Joan egunean Andoainen eman genuena ere kristorena izan zen, Aginagakoa ere bai, Getariakoa, Aiakoa... Eta Orioko gaztetxean eman genuena, magikoa. Jende aldetik ez zen izan handiena, baina kontzertu handi bat emateko ez dago derrigor jende askoren aurrean jardun beharrik; badaude kontzertu txiki handiak, eta Etxeluzekoa hala izan zen. Plaza kutuna aukeratu beharko banu, berriz, Gipuzkoan Tolosa esango nuke; eta Bizkaian, Gernika. Joan garen aldi bakoitza izan da ona; asko jaso dugu bi plaza horietan.

Espero ez zenuten zerbait topatu al duzue plazetan? Zerbaitek harritu al zaituzte?

Konturatu garena da kontzertuetara gazte jendea pila bat etorri dela, 13-14 urte ingurukoa eta gazteagoa ere bai. Ez dakit Gozategi orain deskubritu duten edo zer, baina esajerazioa izan da. Guretzat ohore bat da, baina behar bat ere bada gizarte eta kultura bezala, galtzen ari baita. Gaur egun, tabernetan-eta, euskarazko musikarik ez dute jartzen inon, reggaetoia entzuten da erabat, eta giro horretan, gu jokoz kanpo gaude. Baina, hori horrela izanda ere, plazak funtzionatzen ari dira, eta hori oso pozgarria da. 

Plazak guztiz galduko ziren beldur zinen, ala?

Beldur bakarrik ez, esango nuke galduta ere egon zirela eta azken urteotan berpiztu egin direla. 

Noizko kontuez ari zara?

2000. urtearen inguruan, bakailaoa-k hartu zuen indarraren ondorioz, plazak asko jaitsi ziren, izugarri. Guai izateari utzi zioten, eta jartzen zenuen taldea jartzen zenuela ere, jendeak ez zuen erantzuten, plazara inor ez zen arrimatzen. Eta inor ez da, inor ez. Auzo txikietako festak galdu egin ziren; ez denak, baina jarraitu zutenek ere ez zuten lehengo indarrik, ezta gutxiagorik ere. Tristea eta gogorra, baina egia. 

Eta berpiztea zer izan da, bat-batekoa?

Ez, pixkanaka joan da. Badira urte batzuk beste alderako joera antzematen hasi ginela, alegia, plazara jende gehixeago etortzen ari zela. 2010ean-edo hasiko ginen hori nabaritzen, eta pandemia hasi baino bospasei urte lehenagotik hona aldea oraindik eta nabarmenagoa izan da. Ikusten genuen gazteak berriz ere elkartzen hasita zeudela gauzak antolatzeko, festak-eta ilusioz eta gogoz prestatzen hasita zeudela, eta ez dago hori baino indar hoberik. 

Zuen kontzertuetara doazen asko taldea bera baino dezente gazteagoak dira, eta, ziur asko, zenbait abestitan kontatzen dituzuen istorioak ezagutu ere ez dituzte egingo...   

Posible da, baina gure kantak aitzakia ona izan daitezke azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan duguna ezagutzeko. Itxura batera ematen du txorakeriak bakarrik esaten ditugula, baina ez da horrela. Ironia eta umorea erabiliz, baina kanta askotan gai oso serioez hitz egiten dugu. Beti busti izan gara, bustitzea gustatzen zaigulako. Niretzat musika da borrokarako tresna bat, eta beti motibatu izan nau gehiago esango dudanak eta nola esango dudanak, zer musika egingo dudanak baino.  

Sekula izan duzue arazorik abestien letrengatik?

Arazorik ez, baina hasierako urteetan kritikak entzutea tokatu zitzaigun Ertzaintzaren kontra kantatzen genuelako edo "potrotaraino gaudela, jode" eta horrelakoak esateagatik. Batzuek ez zuten begi onez ikusten trikitixaren mundutik etorri eta hitz egiteko modu hori erabiltzea. Azken diskoan, berriz, grabatuta geneukan kanta bat ez genuen sartu. Alde hemendik izena du kantak eta diskoa atera genuenean, Altsasuko auzia bero-bero zegoen. Nik diskoan sartu egin nahi nuen, baina beste taldekide batzuk ondorioen beldur ziren, eta taldean liskarra ere izan genuen. Azkenean, diskotik kanpo utzi genuen; egunen batean aterako dugu. Horrez gain, beste abesti batzuen letra moldatu egin behar izan dugu, bazirelako genero ikuspegiaren aldetik egokiak ez zirenak. Idatzi genituenean ez geneukan ikuspegi hori, baina orain bai, eta ikasten eta eboluzionatzen goazen bezala, akatsak zuzentzen joan beharra dago.      

Zeuk egiten al dituzu letrak?

Gehienak nik egiten ditut, bai. Bertsoak asko gustatzen zaizkit, betitik. Txikitan izan nahi nuen futbolaria edo bertsolaria, eta azkenean, trikitilari bukatu dut; baina horrek, nolabait, ematen dit bertsotarako aukera ere. Gero, benetako bertsolariekin ere lan asko egin izan dugu: Jon Maiarekin, Xabier Sukiarekin, Ibai Esoainekin, Iñaki Gurrutxagarekin... 

Esan duzunagatik, taldeak garai onak bizi ditu orain; baina hasierako urteak ere hala izango ziren, ezta?

Haiek ere onak izan ziren, bai, baina niretzat urterik onenak oraingo hauek dira.

Nola hasi zineten? Nola sortu zenuten Gozategi?

Ainhoa eta ni ibiltzen ginen bikote gisa txapelketetan, eta tarteka erromeriak ere egiten genituen auzoetako festetan eta. Garai hartan, trikitixa irakasten nuen Arbizun (Nafarroa), eta Iñigo da Sakanakoa, Urdiaingoa (Nafarroa). Egin Egun batean deskubritu nuen, Ortzi taldearekin jotzen ari zela. Nik txarangarekin ikusi nuen, baina baxua jotzen ere bazekien. Jaitsi zenean esan nion egun batean elkarrekin proba bat egin behar genuela. Berak bazuen nire aditzera, bazela oriotar bat Sakanan trikitixa irakasten ibiltzen zena. Baiezkoa eman zidan, eta halaxe, gelditu egin ginen. Erritmo kaxarekin eta trikitixarekin hasi ginen eta, bat-batean, sekulako konexioa sentitu genuen. Ainhoa, Iñigo eta hirurok hasi ginen orduan, ordura arteko abestiak baxuarekin lagunduta jotzen aurrena, baina segituan etorri ziren kanta berriak; ordukoa da Nor-Nori Nork. Maketa bat grabatu genuen bederatzi abestirekin, eta izan zuen arrakasta ikusita, diskoa grabatzea proposatu zigun Elkarrek. 

Eta gero etorri zen trikitixaren boom-a deiturikoa.

Hori da. Alaitz eta Maider, Maixa ta Ixiar, Etzakit... Gurea moduko talde pila bat, han eta hemen kontzertu mordoa, diskoak bata bestearen atzetik... Eromena izan zen, baina guk asko ikasi genuen eta trikitixarentzat ere garai onak izan ziren. Ordura arte trikitixa ikusita zegoen beste kategoria bateko musika tresna izango balitz bezala, besteen mailarik ez zuena, eta begira orain zenbat taldek erabiltzen duten. Protagonista izan ala ez, orain da musika tresna bat gehiago eta, gainera, geurea. 

Hala ere, 30 urtean dena ez zen izango festa eta zoriona. Inoiz pentsatu al duzue Gozategi bukatzea?

Arreba eta Iñigo ezkondu egin ziren eta haurrak munduratzen hasi ziren, eta erabaki zuten 2006an disko bat atera eta taldea utzi egingo zutela. Nik segi egin nahi nuen. Ainhoak utzi egin zuen eta Iñigo zain zegoen, nirekin hasi behar zuen baxu jotzailea kanpoan zebilelako eta hura bueltatu bitartean ni bakarrik ez uztearren. Horretan ginela, 2007an, bigarren umea izan zuen, eta erditu eta hiru egunera, emaztea hil egin zen. Iñigo alargun geratu zen. Momentu latzak izan ziren, berarentzat batez ere, baina gainontzeko taldekideontzat ere bai. Jarraitzea erabaki zuen, eta nik uste lagundu egin ziola. Musika talde bat gara, baina horrelako momentuetan, musika bigarren planora pasatzen da, eta taldea da inporta duena, elkar zaintzea. Hori da adibide bat. Gozategi denek jaiarekin eta alaitasunarekin lotzen duten arren, 30 urte hauetan tokatu zaigu momentu gogorrak pasatzea eta baita erabaki zailak hartzea ere.  

30 urte hauetan Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera izango zenuten. 

Euskal Herriko herri guztietan izanak ginen, batean izan ezik: Getarian. 30 urtean ez dugu Getarian jo, eta aurten jo dugu. Nolatan ez dugun orain arte jo? Deitu ez digutelako. Hori bai, esan beharra daukat poz-pozik joan ginela, egundoko kontzertua izan zela eta arantza aterata gelditu dela. 

Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ibiltzeko aukera ere eman dizue Gozategik.

Katalunian asko ibili izan gara, Espainian ere bai, Argentinan lau aldiz izan gara, Uruguain, Belgikan, Finandian, Frantzian... Bidaia horiek ondo daude esperientzia bezala, baina ni neu gusturago etortzen naiz joaten naizena baino; nahigo dut hemen ibiltzea. Hala ere, aitortu behar dut oraintxe gustura egingo nukeela Kataluniara joan-etorri bat taldearekin; ez han emango genituzkeen kontzertuengatik, taldekoekin asteburu pasa egiteagatik baizik. 

Kontatzeko moduko anekdotarik bai?

Behin, Kataluniara gindoazela, bateria jotzailea Lleidako atsedenleku batean ahaztuta utzi genuen. Ordu erdira akordatu ginen furgonetan falta zela, eta atzera haren bila joan behar izan genuen. Kuriosoa izaten da kontzertua eman behar dugun lekura nola iristen garen ere, taldekide bakoitza Euskal Herriko punta batetik. Beti izan da horrela, eta orain ere halaxe da. Adibidez, lehengoan Aginagan jo genuenean, nik etxea hamar minutura neukan, eta beste taldekide batzuek ordu eta erdira zeukaten. Eta noiz eta non entseatzen dugun galdetu aurretik, neuk esango dut: ez dugu entseatzen. Bakarrik entseatzen dugu kanta berriak egin eta diskoa grabatu behar dugunean, eta gero, kanta horiek zuzenekoetarako moldatu behar ditugunean.  

Duela 30 urte eta orain modu berean bizi al dituzu kontzertu baten aurreko momentuak eta ondorengoak?

Orain egiten duguna da momentua gehiago dastatu etxetik ateratzen garenetik etxera bueltatu arte, kontzienteago garelako. Bestela, beti egin izan duguna da: joan, kontzertua eman, eta etxera. Arreba eta biok horrela hasi ginen, eta taldea utzi zuenean ere horrela jarraitu genuen. Noizbait parrandan gelditu banaiz, izan da nire lagunak hara joan direlako; baina izan dira egunak nire lagunak han eta ni etxera bueltatu naizenak. Gero, nik nire parrandak egin ditut, baina aparte. Orain ere kontzertua bukatu eta geldituko gara trago bat edo bi hartzen, momentua dastatu egin behar delako, bertakoekin egon, zer sorrarazi dugun ikusi, gustura geratu diren ala ez jakin, baina gero, etxera. 30 urte irauteko zeozer ondo egin dugu, eta nik uste hori izan dela gauzetako bat. Zortea izan dut Iñigo oso zuzena delako. Pentsa, uztail batean egin genituen 33 saio; egunak baino saio gehiago. Horri aurre egiteko ez dago edozein modutan ibiltzerik, zainduta ere ozta-ozta; bada, egunero parrandan ibili izan bagina...               

Esan duzu urteekin ikasi duzula momentua dastatzen. Pandemiaren ondorio izan al da hori?

Pandemiaren ondorioz are gehiago, baina lehenagotik ere bai; esango nuke taldera tronpetak sartu zirenetik edo, eta hori izan zen 2010ean. Egundoko zortea izan dut bi tronpeta jotzaileak Oriokoak izatea, Iñigo Perona eta Axi Sarasola. Kontzertuetara hirurok elkarrekin joaten gara autoan, auskalo zenbat ordu pasatu ditugun errepidean, eta niretzat ohorea da joan-etorri horiek guztiak bi hauekin partekatzea. Ni baino 13 eta 20 urte gazteagoak dira, baina ez dago sinesterik zenbat ikasi dudan beraiekin.      

Azken diskoa 2018an atera zenuten. Besterik ateratzeko asmorik ba al daukazue?

Kanta batzuk baditugu, baina diskoa ateratzeko beharrik ez. Gure publikoa ez dago kanta berrien zain, duela 20 eta 30 urteko kantak eskatzen dizkigute. Orduan, zertarako aterako ditugu berriak? Zortea daukagu orain arte sortu ditugun kanta asko oso ezagunak egin direlako, eta jendeak kanta horiek bere egin dituelako. Gu talde ezaguna gara, baina ez gara ezagunak aurpegiz. Iñigo eta Asier gutxik ezagutzen gaituzte; gure kantak, ordea, denek dakizkite, eta horiek entzun nahi dituzte. Momentuz, gure asmoa da ahal dugun bitartean kontzertuak ematen jarraitzea. Ez dakigu zenbat gehiagorako emango duen, baina dagoeneko hurrengo urterako sei emanaldi baditugu, eta ez da batere seinale txarra. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide