Astebete eskas falta da San Nikolas jaietarako, eta ostiralera arte salgai egongo dira San Nikolas eguneko babarrun-janerako txartelak, kultur etxean. Haur, gazte eta helduentzat egun osoko festa antolatu dute; eguerdian, elektro txarangarekin poteatzea da asmoa, eta ondoren, frontoian elkartuko dira parte-hartzaileak garaiko babarrunak sakramentu eta guzti bazkaltzeko. Honakoa da menua: babarrunak aza, txerri saiheski eta txorizoarekin, gazta irasagarrarekin, kafea eta kopa. Edateko, berriz, ura, sagardoa eta ardoa. Aukera beganoa ere egongo da: babarrunak azarekin eta mazedonia.
Bazkalostean, Andoni Ollokiegiren musikaz gozatzeko aukera izango da frontoian, eta aldi berean, umeentzat tailerrak ere egongo dira. Behin frontoiko saioa bukatutakoan, berriz ere elektrotxarangarekin plaza aldera abiatuko dira.
Bazkarira joan nahi dutenek, kultur etxean eman beharko dute izena ostirala baino lehen, 20 euro ordainduta. Beganoen menua 15 euro kostako da, eta 12 urtetik beherakoek, berriz, bost euro ordaindu beharko dute.