Abenduaren 5etik 8ra sanikolasak izango dira Orion, eta udalak eta herriko eragileek elkarlanean prestatu duten programa aurkezteko agerraldia egin zuten asteazkenean kultur etxean. Han izan ziren Anuska Esnal Orioko alkatea, Xabi Ibarguren kultur zinegotzia eta Iker Apaolaza kultur teknikaria, egitaraua osatzeko prozesuan parte hartu duten hainbat eragilerekin batera.
Alkatea izan zen hitza hartzen aurrera, eta adierazi zuen "bereziki pozik" daudela, "agintaldi honetan lehen aldiz, San Nikolas festak behar bezala ospatzeko aukera izango dugulako". Izan ere, 2019an, Herriko Plazako obrak zirela eta, festak ohiko lekutik mugitu egin behar izan zituzten, eta azken bi urteotan herritarrek ezin izan dute sanikolasik ospatu, pandemiagatik.
Esnal bera izan zen festei hasiera emango dien txupinazoa nork botako duen iragarri zuena ere: Kristina Atorrasagasti, 50 urtez Odol Emaileen Elkarteko Orioko ordezkaria izan dena. Atorrasagastik aurten utziko du kargua, eta bost hamarkada hauetan egindako lana aitortzeko modua izango da txupinazoa botatzea. Gainera, aurten, herritarrek izan dute omendua nor izan proposatzeko aukera. "Udalak norbait gogoan hartzea beti da berezia, baina are bereziagoa da herriak aukeratzen zaituenean", adierazi zuen Esnalek.
Ibargurenek, bere aldetik, egitaraua osatzeko prozesuan parte hartu duten eragileen lana eskertu zuen: "Festa batzordeak hiru bilera ireki egin ditu azken hilabeteetan, eta horrez gain, bertan parte hartzerik izan ez duten eragile eta norbanakoen proposamenak jasotzen eta biltzen ahalegindu gara. Eskerrik asko guztioi". Ekarpenak egin dituzten herriko elkarteak zerrendatu zuen zinegotziak: txosna batzordea, Ospele pilota elkartea, Kamel Ziani atletismo taldea, herriko parrokia, Salatxo abesbatza, Harribil dantza taldea, Pello eta Nikolasa eta buruhandiak dantzan jartzen dituzten norbanakoak, Zaragueta Herri Eskola, Orioko Herri Ikastola, Danbolin Musika Eskola eta Errikotxia bertsozaleen elkartea.
Edalontzi berrerabilgarriak
Apaolazak azaldu zuenez, festa batzordean hondakinen inguruko kezka azaleratu zuten eragileek, eta horri erantzuteko, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzea erabaki dute. Horretarako, edalontzi berriak prestatu dituzte, eta txosna batzordearen laguntzarekin, festak hasi aurretik banatuko dituzte. Hain zuzen ere, txupinazoaren aurretik, Herriko Plazan bertan egongo da edalontzia eskuratzeko aukera, euro baten truke. "Helburua da pertsona bakoitzak edalontzi bakarrarekin egitea sanikolasetako egun guztiak", adierazi zuen kultur teknikariak. Edalontziak eraztun txiki bat du gainean eramatea errazagoa izan dadin.
Horrez gain, herriko espazioen erabileraren inguruko informazioa eman zuen Apaolazak; musika emanaldiak Herriko Plazan egingo direla, herri bazkaria pilotalekuan, eta kale animazioa, herrian zehar izango dela. Barrakak, berriz, ikastola pareko plazan jarriko dituzte, abenduaren 2tik 12ra, eta 11:00etatik 24:00etara egongo dira zabalik.
Puntu Morea, berriz, turismo bulegoaren parean jarriko dute, aurreko aldietan bezala. Esnalek azaldu zuenez, "udal honek hasieratik egin du apustua indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde, Ahalduntze Eskolaren sorrerarekin abiatu genuen bidea eta pausoz pauso aurrera goaz. Eta festetan ere bide hori jorratzen jarraitu nahi dugu". Puntu Morea leku seguru bat izango da, eta edozein motatako indarkeria edo jazarpena jasaten duten herritarrek hara joateko aukera izango dute.
Aurrekontuari dagokionez, aurtengo sanikolasak 57.720 euro kostatuko direla adierazi zuen Apaolazak. Aurrekontu horren ia erdia, %49, musika taldeentzat izango da; %15 azpiegituretarako; %12 kirol jardueretarako; %10 kale animazioa ordaintzeko; %7 kultur jardueretarako; eta beste %7 haurrentzako jardueretarako.
Egitaraua
Abenduak 5, astelehena.
- 19:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
- 20:00. Festen hasierako txupinazoa, Herriko Plazan. Omendua: Maria Kristina Atorrasagasti.
- 20:15. Txosnaren irekiera eta herri-topa, Herriko Plaza. Ondoren, Incansables txaranga aterako da.
- 23:30. Gozategiren kontzertua, Herriko Plazan.
- 01:30. DJ G, Herriko Plazan, 03:30ak arte.
Abenduak 6, asteartea.
- 10:00. Kamel Ziani krosa. Benjamin, alebin eta infantilentzako krosa, Mendibeltz ondoko parkean.
- 11:00. Meza, Salatxo abesbatzarekin.
- 12:30. Dantzari txikien sueltoko txapelketa, Herriko Plazan. Antolatzailea: Harribil dantza-taldea.
- 12:30. Haurren dardo txapelketa, Bikamiotan.
- 13:30. Elektrotxaranga, Herriko Plazatik abiatuta.
- 14:30. Babarrun jan herrikoia, pilotalekuan.
- 16:00. Haurrentzako tailerrak, kultur etxearen atzeko plazan. Antolatzaileek eskatu dute umeek kamiseta txuri bat eraman dezatela, jantzita daramaten arropaz gain.
- 16:00. Andoni Ollokiegiren musika emanaldia, pilotalekuan.
- 17:30. Elektrotxaranga, pilotalekutik abiatuta,
- 18:00. Helduen dardo txapelketa, Bikamiotan.
- 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
- 22:00. Bertso-saioa, kiroldegian. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Unai Manterola.
- 21:00. Shanghai Qiutian, Ithaka, Willis Drummond eta DJ Txankletaren kontzertuak, Herriko Plazan.
Abenduak 7, asteazkena.
- 10:00. Jubilatuentzako hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuan.
- 11:30. Belaunaldien arteko mahai jolasak, Herriko Plazan. Antolatzailea: Orioko Herri Ikastola.
- 15:00. Puzgarriak, pilotalekuan, 18:00ak arte.
- 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
- 22:30. Erromeria Fan&Go taldearekin, Herriko Plazan.
Abenduak 8, osteguna
- 09:00. 3x3 Saskibaloi Festa Solidarioa, kiroldegian. LH3tik DBH2ra arteko gazteentzat. Antolatzailea: Zast taldea eta Orioko Herri Ikastola.
- 16:00. Haurrentzako herri kirolak, Herriko Plazan. Antolatzailea: Ubera guraso elkartea. Ondoren, txokolate beroa banatuko da.
- 17:00. Imanol Ibarguren lehenengo pilota memorialaren finalak, pilotalekuan.
- 18:00. Elite mailako esku pilota jaialdia, pilotalekuan. Salaberria-Albeniz I vs. Odriozola-Alonso eta Arteaga II-Aranalde vs. Orbegozo-Erasun.
- 18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak kalejiran, buruhandiekin eta Danbolin Musika Eskolako txistulariekin.
- 19:30. Puro Relajo taldearen kontzertua, Herriko Plazan.
Erraldoien eta buruhandien ibilbidea: kultur etxetik hasita, Eusko Gudarien kalea errontondaraino, Arrantzale kalea ikastolaraino, Abeslari kalea, Eusko Gudarien kalea Herriko Plazaraino eta kultur etxean bukatu.