Donostiatik Zumaiarantz zihoan 08:20ko trenak istripu arina izan du Oriora heltzear zela, trenbidera eroritako zuhaitz bat aurrez aurre jo baitu. "Sustoa" bai, baina zorionez, inork ez du minik hartu, eta 50 bidaiari inguruk oinez egin dute Arraunetxera arteko bidea, trenbidetik bertatik, gidariaren kabinatik atera ondoren. Han, autobusa zuten zain, eta errepidez jarraitu dute bidaia.
Zumaia eta Zarautz artean ere erori da beste zuhaitz bat, baina arazo gutxiago eragin ditu. Dena den, zerbitzua etenda dago eta autobusez ari dira Zumaia eta Usurbil arteko lotura egiten. Gainera, konponketa horiek luze jo dezaketela ohartarazi du Eusko Trenbide Sareak (ETS); izan ere, horretaz arduratzen diren langileek zailtasunak dituzte tokira iristeko. Azaldu dutenez, bidean zihoazela A8 autobidean gertatu den beste trafiko istripu batek errepidea blokeatu du eta atzeratu egingo ditu lanak.
(Argazkiak: Maria Maya Manterola/UKT)