Urteak dira Munton eta Anibarko Portuan alokairurako etxebizitzak eraikiko zituztela iragarri zutela, eta udalak orain jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan hasiko dituela lanak bi eremuetan. Bi egitasmoak Orioko Udalarekin sinatutako hitzarmen banaren bidez gauzatuko dituzte, eta guztira, alokairuko 52 etxebizitza iraunkor berri eraikiko dituzte herrian.
Interesa duten herritarrek Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan eman beharko dute izena aldez aurretik. Etxebiden zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte horretarako, eta oriotarrek izango dute lehentasuna. Informazio gehiago behar duten herritarrek udalera edo Etxebidera jo dezakete.
Munton alokairuko 46 etxebizitza eraikiko dituzte. Lanek sei milioi euroko aurrekontua dute, eta Sukia Eraikuntzak enpresak egingo ditu. Obraren itxitura jarrita dago jada, eta laster hasiko dituzte indusketa lanak. Aurreikuspenen arabera, lanek 24 hilabete iraungo dute.
Portua Anibarko Portuan, bestalde, gazteei zuzendutako sei apartamentu dotazional prestatuko dituzte gaur egun hutsik dauden lokaletan. Lanak abian daude dagoeneko, eta sei hilabetez luzatuko dira. Goitu enpresa ari da lanak egiten, eta 500.000 euro inguruko aurrekontua dute.