Bizilagunak egitasmoan parte hartzeko gonbita zabaldu du Orioko familia batek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 10a, 10:59

Beramendik eta haren familiak iaz parte hartu zuten lehen aldiz Bizilagunak ekimenean. (Miren Beramendi)

Proiektuak jatorri desberdinetako herritarrak mahaiaren bueltan biltzea du helburu, lagun giroan. Hala, Orion dagoen kultura aniztasuna kontuan hartuta, Orioko familiak parte hartzera animatu dituzte. Izena emateko azken eguna azaroaren 14a izango da, datorren astelehena.

Azaroaren 20an, igandearekin, egingo da SOS Arrazakeriak dinamizatutako Bizilagunak egitasmoa, zapore eta bizipenak elkarbanatuz, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko eta gizarte kohesionatuagoa lortzeko helburuarekin. Proiektuak jatorri desberdinetako herritarrak mahaiaren bueltan biltzea du helburu, lagun giroan. Hala, Orion dagoen kultura aniztasuna kontuan hartuta, Orioko familiak parte hartzera animatu nahi dituzte, eta deialdia egin dute sare sozialen bidez.

Miren Beramendik azaldu duenez, formatua irekia izaten da, "norberaren etxeko ateak ireki daitezke eta beste familia bat bisitatu. Guk iaz parte hartu genuen eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Horregatik, pentsatu dugu ekimena herrian sustatzea. Izan ere, pasa den urtean, esaterako, ez zen herriko beste inor animatu, eta pena da, elkar ezagutzeko aukera paregabea delako". Gipuzkoako hainbat udalek SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, parte-hartzea sustatzen dute herritarren artean, baina inguru honetan ez du horrenbesteko oihartzunik izaten Bizilagunak egitasmoak. "Herrian dagoen aniztasuna ikusita, ordea, oso egokia iruditzen zaigu bide hori jorratzea. Orioko jatorria desberdinetako familia dezente animatzen bagara parte hartzera, etxeko goxotasunean elkar ezagutzera, harreman politak sor daitezke, eta horrek herria aberastu eta eraldaketa ekar dezakeela uste dugu".  

Izena ematen duten familien artean, elkarren artean hurbilen daudenak harremanetan jarriko ditu SOS Arrazakeriak, eta azaroaren 20an bazkaria egingo dute. "Guk, esaterako, gure etxea eskaini dugu horretarako. Egun horretan, familia bakoitzak eraman dezake bere herrialdeko plater edo jakiren bat, edo elkarrekin ere prestatu daiteke otordua, aukera asko daude". Aurreko edizioan, esaterako, Zarauzko ama bat eta bere haurra joan ziren Beramendiren familiaren etxera bazkaltzera, eta oso "esperientzia polita" izan zela aitortu du. "Gure seme-alabak elkarrekin jolasean ibili ziren, eta guztiz aberasgarria izan zen".

Bestalde, SOS Arrazakeriak ekimen hori egiteko boluntario sare bat ere antolatzen du, eta horiek dinamizatzaile moduan joaten dira bazkarira. "Zenbaitetan, hizkuntza komunikaziorako zailtasuna izan daiteke, eta behar denean dinamizatzailea bidelagun izaten da familien arteko harremanak errazteko".

Parte hartzeko bidea

Parte hartu nahi dutenek SOS Arrazakeriak ahalbidetu duen lotura honetan eman dezakete izena. Bertan, Herria izeneko atalean, hainbat eskualde agertzen dira, baina Urola Kosta zehazten ez denez, Besteak zonaldea aukeratu behar da. Horrez gain, erlijio sinesmenak edo alergiaren bat dela eta, elikadurari dagokionez behar jakinen bat ba ote dagoen ere adierazi behar da, baita zein hizkuntza menperatzen diren etxean edota zein motatako familiak parte hartuko duen egitasmoan. "Familia esaten denean, juntatuko den lagun taldearen inguruko informazioaz ari da, eta ez da zurruna, guztiz irekia da: bikotea haur txiki batekin eta aiton-amonekin, ama edo aita seme-alabekin, hiru bizilagun, lagun taldea... aukera mordoa egon daitezke, eta mota guztietako familiak dira ongi-etorriak Bizilagunak ekimenean parte hartzera", gonbita zabaldu du Beramendik. Izena emateko epemuga azaroaren 14a izango da, datorren astelehena.   

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide