Euskaraldiaren helburu nagusia gure hizkuntza ohiturak aldatzea da eta, hartara, euskararen erabilera handitzea jende eta esparru gehiagotara zabalduz. Euskal Herri osoan egiten da Euskaraldiaren ariketa soziala eta Orion oso arrakastatsuak izan dira lehen bi edizioak, 2018 eta 2020koak: 1.600 oriotar baino gehiagok eta herriko 73 entitatek parte hartu zuten.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, urrats berriak ematea parte hartzen duten norbanakoek eta entitateek euskara gehiago erabiltzeko; eta, bestetik, parte hartzea zabaltzea: ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea.
Euskaraldiaren xedeak bat datoz Orioko Udalaren helburu estrategikoekin: Euskaraldia tresna berritzailea da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko. Gainera, aukera paregabea ematen digu Udalaren euskara sustatzeko politika indartu eta sakontzeko, aurtengo martxoan udalbatzarrak aho batez onartutako «Euskara Plana 2022-2032» agirian jasotakoaren ildotik.
Orioko Udalak, beraz, bere aletxoa jarri nahi du ekimenak arrakasta izan dezan eta, horrenbestez, hau adierazi nahi du:
- Orioko Udalak bat egiten du Euskaraldiarekin eta gogoz sustatuko du ekimena.
- Orioko Udalak konpromisoa hartzen du Euskaraldiaren hamabost eguneko ariketa egiteko, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eredugarri jokatuz euskararen erabilerari dagokionez. Udala saiatuko da ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzen arduradun politikoen eta langileen artean eta konpromisoa hartzen du udal barruko ariguneak osatzeko, babesteko eta sustatzeko.
- Orioko Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatzen ditu Euskaraldian parte hartzera, bai indibidualki izena emanez eta bai ariguneak osatuz, Hitzez ekiteko garaia da-eta.