Paperekoa

Ikasteko sekula ez baita berandu

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 5a, 09:00

Orioko Esperientzia Eskolako kideak. (Aitziber Arzallus)

Duela hamabost urte sortu zuten Orioko Esperientzia Eskola. Dozenaka zenbatu daitezke ikasle izan diren herritarrak, eta dozenaka, egin dituzten jarduerak eta landu dituzten gaiak. Pandemiak, ordea, gogor erasan die, eta iaz sekula baino jende gutxiagok parte hartu zuen asteroko saioetan. Animatzeko deia eginez, urriko KARKARA aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Hamabost edo hamasei urte dira Orioko Esperientzia Eskola martxan jarri zutela. "2007an hasiko ginen", zehaztu du Mertxe Bengoetxeak, eskolan denbora gehien daraman kideak, bere ordenagailuan gordeta dituen dokumentu zaharrenei erreferentzia eginez. Geroztik, urtez urte, dozenaka herritarrek parte hartu dute. "Urteren batean 33 lagun izatera ere iritsi gara", esan du Heliodora Sanchez elkartearen egungo presidenteak. Pandemiak, baina, gogor erasan die. "Dena oso ondo zihoan, eta hogeitik gora lagun genbiltzan, pandemia iritsi zenera arte. Urtebetez geldirik egon ostean, berriz martxan hasi ginen, baina jende gutxik izena eman zuen". Normaltzat jo du, "jendeak beldurra barruraino sartuta zeukalako". Iazko ikasturtean dozena bat lagun-edo hasi ziren. "Baina horren jende gutxi ibiltzean, norbait falta bada, asko antzematen da". Bati ebakuntza egin ziotela, besteak istripu bat izan zuela... "Zazpi lagun joaten ginen aldiak ere izan genituen, eta gutxi da hori. Pena da hizlariak eta irakasleak ekartzen jardutea, ondo ordainduta gainera, horren jende gutxirentzat. Horregatik, jendeari animatzeko eskatu nahi diogu, izena eman dezatela eta gutxienez probatzera etor daitezela, benetan merezi duelako".

Astean behin elkartu ohi dira, bi orduz, Ikastolan, era guztietako gaiak lantzeko eta jarduerak egiteko. Bengoetxeak koadernoko orri bat atera du poltsatik, zerrenda luze-luze batekin, urteotan zer egin duten azaltzeko. Irakurtzen hasi da: "Luis Ortegarekin historia landu izan dugu; Luis Domingorekin, umorea eta literatura; Emma Okamikarekin, garuna sasoian izateko jarduerak eta mindfulness egin dugu; Jesus Maria Mujikarekin gaur egungo gizarteaz eta etorkizunekoaz hausnartu dugu; Jesus Chuecarekin fisika landu dugu; Arkaitz Agirrerekin testamentuaz, bikoteen banaketez eta beste hainbat gaitaz jardun gara; Nagore Vazquezekin, enpatia terapeutikoaz; Libe Garmendiarekin elikadura osasuntsuari buruzko ikastaroa egin dugu; Alejandro Arellanorekin, chi kung; Karmele Garmendiarekin astrologia landu dugu; Bharat Martinekin, umorea eta hazkunde pertsonala; Sonia Fernandezekin, musika; Arantxa Satrustegirekin, loreez eta landareez jardun dugu; Itziar Olasagastirekin, dietetikaz; Lori Thompsonekin, zainketa aringarriez; Diego Fernandezekin, osasunaren eta emozioen kudeaketaz... Normalean, aditu bakoitzarekin pare bat saio izaten dira, baina egin ditugu hiru hilabeteko ikastaroak ere; esate baterako, joan den ikasturtean, hiru hilabetez egin genuen mindfulness".

Egun bereziak

Asteroko saioez gain, ikasturtean zehar egutegian gorriz margotutako egunak ere badituztela esan du Sanchezek, eta "berezienak" herriko bi eskoletako ikasleekin partekatzen dituztenak izaten direla. "Urtero, ikasturtearen bukaera aldera, belaunaldien arteko hartu-emaneko egunak egiten ditugu, bai Ikastolako ikasleekin, bai Zaraguetakoekin. Oso aberasgarriak izaten dira, bai beraientzat eta baita guretzat ere. Dakizkigun gauzak irakasten dizkiegu guk, eta dakizkitenak irakasten dizkigute beraiek. Irakatsi diegu kuzinatzen, arropa zabaltzen eta lisatzen, josten, eskulanak egiten… Eta beraiek guri, adibidez, eskuko telefonoak erabiltzen. Urtean bi edo hiru egun izaten dira, eta zoragarriak izaten dira". Egun horietaz aparte, beste batzuk ere partekatzen dituzte herriko ikasleekin. Esate baterako, Euskararen Egunean Ikastolara joaten dira taloak egiten irakastera, eta Santo Tomas egunean gauza bera egiten dute, baina Zaraguetan.

Argazkietan argi ikus daitekeen moduan, Esperientzia Eskolan parte hartzen duten ia denak emakumeak dira. "Gizonak ere izan ditugu, baina, denera, lau bat, ez gehiago", zehaztu du Inaxi Esnalek. Hori zergatik ote den beraiei galdetu beharko litzaiekeela esan du, baina jarduera askotan gertatzen dela gauza bera, gizonak falta izaten direla. "Emakumeak barra-barra, eta gizonak esku bateko hatzekin kontatzeko lain. Gure artean aspertu egingo dira edo…". Sanchezek hartu du berriz hitza: "Agian izango da beste leku batzuetan gusturago sentitzen direlako. Adibidez, Zaharren Babeslekuan gizon asko ibiltzen da eta han antolatzen dituzten jardueretan ere parte hartzen dute, musean-eta, baina, egia esan, gainontzean, herri honetan ez da adinekoentzat gauza gehiegi antolatzen. Horregatik uste dut Esperientzia Eskola aukera paregabea dela beste era bateko interesak dituzten horientzat. Izan ere, gu erabat irekita gaude, edozein gai lantzeko prest, oraindik gurean izan ez diren hizlariak ekartzeko prest, gauza berriak probatzeko eta ikasteko sekula ez baita berandu". Jende berriak ideia berriak ekarriko lituzkeela esan du eta, hain zuzen, horixe dela nahi dutena.

Aurpegi berri batzuk bai

Oraindik ikasturtea hasi ez duten arren, bi edo hiru kide berri batu zaizkie dagoeneko, eta pozik daude horregatik. Fatima Uranga da horietako bat. Beti izan du gogoa Esperientzia Eskolan izena emateko, baina orain arte ezin izan du, lanagatik. "Orain, ordea, badaukat niretzako denbora, badaukat gauzekiko interesa eta jendea ezagutzeko eta gauzak partekatzeko gogoa, eta horregatik erabaki dut izena ematea". Mikel Munduate da beste bat. "KARKARAn irakurri nuen esperientzia eskolak arriskuan zeudela jende faltagatik, eta behin galtzen dena atzera berriz berreskuratzea zaila izaten denez, izena ematea erabaki genuen emazteak eta biok. Urtebetez proba egingo dugu, eta zer nolako saioak diren ikusi; laguntze aldera, eta interesgarria iruditzen zaigulako ere bai".

Urteak daramatzaten kideek ez direla damutuko ziurtatu diete berriei; tartean, Bengoetxeak. "Begira niri, behin izena eman nuen, eta hamabost edo hamasei urte geroago, hemen jarraitzen dut oraindik, eta hala jarraituko dut ahal dudan bitartean". Azkenean, joateko ohitura hartzen dutenentzat, astean behineko saio bat baino gehiago delako Esperientzia Eskola. "Lagunarte polita daukagu geure artean. Norbaiten urtebetetzea denean, kafea hartzera joan ohi gara; bazkariak egiten ditugu; irteeraren bat ere bai tarteka... Jende berria ezagutzeko aukera ematen dute saioek, aktibo mantentzekoa, gauza interesgarriak egitekoa, eta horrelako aukerei ezin zaie pasatzen utzi".

Esperientzia Eskolan izena eman nahi dutenek edo argibide gehiago behar dituztenek, telefono zenbaki hauetara dei dezakete: 687 40 67 53 (Heliodora) eta 675 71 33 82 (Mertxe). Doakoa da izena ematea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide