Paradisua bera ikasgela bihurtuta

Unai Zubeldia-Gipuzkoako Hitza 2022ko urr. 29a, 15:29

Orioko ihes gelaren kanpoaldea.

Paradisu ihes gela pedagogikoa martxan da Orioko Iturriaga jauregian, azaroaren 30era arte, eta Gipuzkoako Hitza astekariak honako erreportajea ondu du.

Paradisuan sartzeko aukera dago Orion. Musu truk. Gonbidapena ez da nolanahikoa: ordubete edonork egon nahiko lukeen tokian. Edo paradisua ez da hain paradisu izango, agian? Sorginlore gizarte elkartearen, Ikertze kultur elkartearen eta Experientziak taldearen ekimenez, azaroaren 30era arte Paradisu ihes gela pedagogikoa herritarren eskura egongo da Orioko Iturriaga jauregian —irailaren 23an zabaldu zituen ateak—.

2023ko urtarrilaren 27tik martxoaren 31ra, berriz, Beasaingo Usurbe antzokian egongo da ihes gela hori. Ana Orozko da arte zuzendaria, eta Orioko eta Beasaingo udalen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa jaso du proiektuak. Euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke zirkuitua.

"Paradisua leku bat dela uste duzu? Eta, hala bada, bakarrik joango zinateke? Bertan geratuko zinateke ala ihes egingo zenuke handik? Zein kolore du paradisuak? Badu kolorerik? Usainik? Soinurik? Bero egiten al du bertan?". Galderak, galderak eta galderak. "Baina erantzunak ihes gelan bertan aurkitu beharko dituzte joatera animatzen direnek”, zehaztu du Maider Sagredo Sorginlore gizarte elkarteko kideak.

"Ia-ia ezinezkoa da bertaratzen direnek zerekin topo egingo duten asmatzea, eta, horregatik, burua aske, fresko eramatea komeni da. Bakoitzarentzat oso esanahi desberdina dauka paradisua hitzak; egunerokoan dago paradisua batzuentzat, erlijioarekin lotzen dute beste batzuek…". Sorginlore gizarte elkarteko kideak ziurtatu du paradisuarekin topo egingo dutela guztiek bai Orion eta bai Beasainen. "Baina paradisua nolakoa izango den… Hori jada ez dakit".

COVID-19aren eragina

Sagredok azaldu du Begirada Kontzienteak egitasmoaren barruan sartuta dagoela Paradisu ihes gela, "gogoeta baten ondorioa" dela. Beste hainbat gairen artean, kontsumo arduratsuaren inguruan gazteekin lanketa bat egin zuten eskoletan, baina duela bi urte COVID-19ak eragindako pandemiak "ezerezean" utzi zuen gazteekin egindako gogoetaren harira prestatzekoak ziren erakusketa. "Horregatik, proiektuari buelta bat eman, eta, erakusketaren ordez, ihes gela sortu genuen, gazteen bizipenak eta egoerak aintzat hartuta eta beste hainbat eragilerekin kontrastatuta". Ihes gelaren sustatzaileak “berehala” jabetu ziren "proiektu arrakastatsua" izango zela esku artean zeukatena.

Irakurri erreportajea osorik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide