Pasa den asteburuan Euskal Maratoia ospatu dute Lasarte-Orian. Hamargarren edizioa izan dute aurtengoa; eta berezia, Euskaraldiaren atari izan delako. Berrogei orduz, etengabe, euskararen erabilera festarekin uztartu dute. Larunbat goizean hasi eta igande arratsera arte, era guztietako artistak elkartu dira oholtzaren gainean eta herriko kaleetan, bakoitzak beretik jarriz, denen artean asteburua festa giroan, umore onean eta euskaraz igarotzeko.
Ahalegin horretan hainbat oriotar ibili ziren, lasartearrekin batera, eskuz esku. Batzuk, Lasarten bertan bizi direnak: Ortzaikako Rosa Elizondo, kantuan; Patxi Etxeberria, bertsotan; eta Joserra San Sebastian, bere gitarra eta armonikarekin. Beste batzuk, Oriotik propio hara joanda: txarangan jotzen ibili ziren, nola ez, Martin Perona eta Patxi Oliden; eta kantari, Euxebio Lasarte.
Orioko Erretzabal baserrian jaiotako Patxi Etxeberriak bertso sorta osoa jarri zion Lasarteko Euskal Maratoiari eta, Joserra San Sebastianek gitarraz eta armonikaz lagunduta, kantatu. Sorta horretatik hartuak dira bi bertso hauek:
- Hilzorian egon zan Lasarten euskera
ez zalako ibiltzen batetik bestera
baina ez zan iritsi lutua jaztera
orain indarberritzen hasi da ostera. - Ni bertsotan hasteko zein zan arrazoia
ez ona dudalako daukadan sasoia
nahiz ta nahiko handia daukagun erdoia
irabaziko degu euskal maratoia.