Moila indartzeko lanak egiten ari da Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, eta datozeen asteetan errioaren hondoko lohia aterako dute, hain zuzen ere, moila sendotuko duten zutabeak jarri ahal izateko. Aterako den lohi hori garraiatzeko, hamasei metro luzeko kamioi bat ibiliko da herrian, astean hainbat alditan, eta horrek eragin zuzena izango du trafikoan.
Kamioia herrian den bitartean, moila pareko errepidea erabat itxita egongo da gainerako ibilgailuentzat, eta, horrez gain, kamioiak bestelako zirkulazio arazoak ere sortuko ditu herri barruan, oso handia delako eta maniobratzen zaila. Obraren arduradunek pazientzia eskatu diete gidariei eta barkamena, sortuko dituzten eragozpenengatik eta.
Oraindik ez dakite kamioia noiz arte ibiliko den herrira joan-etorrian; izan ere, atera beharreko lohi kantitateak baldintzatuko du lanen iraupena.
Hainbat aldaketa
Kamioia datorren asteartean etorriko da aurrenekoz, urriaren 25ean. 10:00etatik 12:00etara izango da moilan, eta beraz, tarte horretan errepidea erabat itxita egongo da.
Horrez gain, asteartetik aurrera lanen bigarren fasea abiatuko dute, eta orain artekoa baino eremu zabalagoa hartuko dute. Horregatik, moila pareko zirkulazioa bideratzen duen semaforoa Zaharren Babeslekuaren parean jarriko dute, eta ondorioz, autoek tarte txikiagoa izango dute pasatzeko.
Oinezkoentzat, berriz, Zaharren Babesleku pareko zebrabidea itxita egongo da segurtasunagatik, eta, ondorioz, alde batetik bestera pasatzeko, zubiaren ondoko zebrabidea erabili beharko dute. Hori horrela mantenduko dute lanak bukatu bitartean.