Aspaldiko matrikulazio-daturik onenak izan ditu Orioko euskaltegiak

Karkara 2022ko urr. 17a, 09:37

Orioko Euskaltegia. (Aitziber Arzallus)

Guztira, 75 ikaslek eman dute izena. Sei talde eratu dira, batzuk goizean eta beste batzuk, arratsaldean.

Irailean ireki zuen Orioko euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazio epea, eta erantzun oso ona izan duela jakinarazi dute Orioko Udaletik. Guztira, 75 ikaslek eman dute izena, eta beren maila eta helburuak kontutan hartuta, sei talde sortu dituzte.

Alde batetik, euskalduntze mailako lau talde eratu dituzte: Goizez, A2 mailakoa eta B1 mailako talde bana, eta arratsaldez, berriz, A2-B1 mailakoa eta B2-C1 mailakoa. Zerotik abiatzen diren ikasleei zuzendutako Aisa ikastaroa ere antolatu du euskaltegiak kanpotik etorritako jendeari zuzendutakoa. Azken honetan 12 lagunek eman dute izena.

Bestetik, aurten, goi mailako C2 titulua edo 4. hizkuntza-eskakizuna lantzeko taldea ere sortu dute; arratsaldez ematen dituzte eskolak eta 9 lagun dabiltza taldean.

Horrez gain, 20 ikaslek autoikaskuntzaren aukera egin dute, eta horiek beren kasara ikasten dute tutore baten laguntzarekin, eta tarteka Euskaltegian juntatzen dira mintza-saioak egiteko.

Udalaren ahalegin ekonomikoa

Orioko Udala gustura dago euskaltegiak izan duen matrikulazioarekin, eta egiten ari diren ahalegin ekonomiko azpimarratu dute. Izan ere, "euskaltegiko klaseak herritar guztientzat eskuragarriak izan daitezen eta, AEKrekin sinatutako kontratuari esker, ikastaro guztiak 100 eurotan eskaintzen dira, merkatuko prezioa baino askoz merkeago. Langabezian daudenei, gainera, itzuli egiten zaie diru hori ikastaroa bukatutakoan, %80ko asistentzia izan badute", adierazi dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide