PAPEREKOA

"Beti dago zereginen bat klubean"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko urr. 15a, 08:42

Elena Etxeberria zelaian, gaztetxoen entrenamenduan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Urriko KARKARA aldizkarian, Hitz Tantak atalean, Elena Etxeberria izan da elkarrizketatua. Izan ere, sofbolarekin lotura estua duen norbait baldin bada herrian, huraxe da Etxeberria.

1992. urte hasieran taldea sortzeko deialdia egin zenetik dabil buru-belarri kirol horretan murgilduta Elena Etxeberria (Orio, 1975). Kuadrillako batekin animatu zen taldera sofbola probatzeko asmoz, eta 30 urte ondoren, bertan jarraitzen du. 

1990eko hamarkada hasieran nahiko ezezaguna izango zen sofbola, ezta?

Bitxia badirudi ere, garai hartan izan zen hemen inguruan sofbol talde gehien: Hondarribian, Zumarragan, Donostian bi eta Bizkaian ere bazeuden beste batzuk. Guztion artean Euskal Liga jokatzen genuen. Pixkanaka, gutxitzen joan dira taldeak, ordea. 

30 urtetan aldaketa asko izan al dira?

Bai, asko. Lehenengo arraun elkartearen atal bat izan ginen, eta Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen hasi ginenean sortu genuen kluba. Zaragueta Eskolako frontoian hasi ginen entrenatzen, eta handik gutxira, udalak zelaia egin zigun libre zeukan lur sail batean. Zelai horretako oroitzapen oso onak dauzkagu. Egia da teknikoki ez zela oraingoa bezain ona, baina gure zelaia zela sentitzen genuen. Kanpotik etortzen zirenek ere gogoan dute, Baso ondoko zelaia hots egiten zioten. 

Taldea bera ere mailaz igotzen joan da.

Bai, hasieran Orioko jokalariok bakarrik osatzen genuen taldea, baina ohorezko mailara igo ginenean, lagun batzuk etorri ziren gurekin jokatzera, errefortzu gisa. Beti izan ditugu kolaborazioak, baina beti debaldekoak izan dira, lagun artekoak. Batzuk hemen inguruko jokalariak eta beste batzuk atzerritik etorritakoak ere bai. Horiek guztiak gure etxeetan hartu izan ditugu. Horrela etorritako jokalari gehienak Europako Txapelketan edo Euskal Selekzioarekin kanpoan egindako egonaldietan ezagututakoak dira. Sofbola mundu txiki bat da, eta laguntasun handia egoten da. Ohikoa da jendea gonbidatzea, eta gu ere gonbidatu izan gaituzte.

Harreman horiek sofbolak duen xarmaren parte direla sentitzen al duzu?

Bai, niri lagun giro hori gustatzen zait, eta lehiaketaz gain, sofbolari lotutako jarduera asko egiten ditugu taldean.

Sofbola zure bizitzako parte garrantzitsua izango da.

Bai, dudarik gabe. Batzuetan, nahi baino gehiago. Uda honetan, esaterako, ohorezko liga abuztuaren bigarren asteburuan amaitu genuen, eta dagoeneko gaztetxoekin entrenatzen hasiak gaude. Gurea talde txikia da, eta denetarik egitea tokatzen zaigu: jokalari, gaztetxoen entrenatzaile, laguntzaile... Gaztetxoen gain-gainean egotea gustatzen zaigu, lana ondo egitea eta merezi duten arreta jartzea. Ohorezko mailako taldearen entrenatzailea ere, Patxi Arnal, senarra dut. 

Ez da egongo klub batean 30 urtetik gora daraman jende asko, oraindik partidak jokatzen jarraitzen duena.

Egia da ohorezko mailan partidak jokatzen ditudala, baina nire rola gazteei laguntzea izaten da nagusiki, esperientzia faktore garrantzitsua izaten delako maila horretan. Bestalde, 40 urtetik gorakoen txapelketak jokatzen ditut. Iaz, esaterako, Euskal Selekzioarekin master mailako Europako Txapelketa bat jokatu nuen.

Zer nahi zenuke taldearentzat?

Nahi nuke berriz ere taldeak Europako Txapelketa jokatzeko aukera izatea. 2010-2013 urte artean oso ondo jardun genuen, ligan bigarren sailkatuta, eta Europako Txapelketa jokatzeko txartela lortu genuen. Esperientzia ahaztezina izan zen, eta nahi nuke gaur egungo taldeak hori bizitzeko aukera izatea. Bestalde, nahi nuke gaztetxoek Espainiako Txapelketa irabaztea ere. Azkenekoz izurritearen aurretik irabazi genuen, Orion bertan.

Bide horretan, taldeari lotuta jarraituko al duzu?

Bai, beti dago zereginen bat klubean. Egia da zenbait urtetan egon naizela orain baino deskonektatuagoa, semeak jaio zirenean eta txikiak zirenean, batik bat. Dena dela, mundu hau asko gustatzen zait eta taldeari lotuta jarraituko dut, modu batera edo bestera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide