Larunbatean modak hartuko du Herriko Plaza, Gure Altxorrak ekimenarekin

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 13a, 17:15

Nikolas Irindo eta Rosa Atorrasagasti, Gure Altxorrak ekimenaren antolatzaileak. (Utzitakoa)

Goizean, hainbat moda disenaitzailek postuak jarriko dituzte plazan, eta haiek sortutako arropa ikusteko eta erosteko aukera izango da. Iluntzean, berriz, desfilean erakutsiko dituzte haiek sortutako jantziak. Horrez gain, umeei zuzendutako jarduerak izango dira goizean zein arratsaldean, haiek modaren mundura gerturatzeko helburuarekin.

Larunbatean modak hartuko du Herriko Plaza. Gure Altxorrak ekimenari esker, herritarrek aukera izango dute Orioko eta inguruko diseinatzaileek egiten duten lana bertatik bertara ikusteko, lan horri balioa ematekoa, eta, horrez gain, txikienek aukera izango dute modaren mundura hurbiltzeko, goizez zein arratsaldez egingo dituzten tailerretan parte hartuta.

Jakina da herrian badela talentua, eta talentudun herritarrak elkartzen direnean ideia eta ekimen interesgarria sortzen direla. Gure Altxorrak da horren adibide. Nikolas Iriondo, Rosa Atorrasagasti eta Jon Alkain dira ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua ikasten ari dira Iriondo eta Atorrasagasti, eta moda diseinatzailea eta Ural markaren sortzailea da Alkain. Hirurek izandako elkarrizketa bat ekarri du gogora Atorrasagastik. "Duela hilabete batzuk, lokal txiki bat alokatu zuen Alkainek bere negozioa martxan jartzeko, eta komentatu zigun zenbat kostatzen ari zitzaion aurrera ateratzea: alokairua dela, bestelako gastuak direla, materiala dela... Eta gainera, herritar askok ez dakitela zer den egiten duena ere".

Alkainen hitz horiek izan ziren Atorrasagastiri eta Iriondori Gure Altxorrak ekimena sortzeko ideia eman ziena. "Pentsatu genuen polita izan zitekeela moda sorkuntzan dabiltzan herritaren talentua plazara ateratzeko zerbait antolatzea", adierazi du Atorrasagastik. Ideiari bueltaka hasi eta, azkenean, Gure Altxorrak sortu dute, moda sorkuntza ardatz izango duen egun oso bat, egitarau bete-betearekin.

10:30ean emango diote hasiera, azokarekin. Jon Alkain oriotarrak —Ural marka—; Goiuri Unanue oriotarrak —Soia Bridal eta Lama The Lab markak—; Ione Iruretagoiena zubietarrak —izen bereko marka— eta Markel Velez zarauztarrak —Darrk marka— postu bana jarriko dute plazan, eta herritarrek aukera izango dute haiek sortutako jantziak ikusteko zein erosteko. Atorrasagastiren esanetan, postuetan denetariko arropa jarriko dute diseinatzaileek. "Batetik, sortu dituzten piezarik ikusgarrienak jarriko dituzte erakusketa modura; eta bestetik, egunerokoan ibiltzeko moduko arropa ere jarriko dute herritarren eskura".

Goiz partean, baina beranduxeago, 11:30etik 13:00era hain zuzen, haurrentzako tailerrak egingo dituzte plazan. Erabilitako arropari beste bizitza bat ematen ikasi ahal izango dute parte hartzaileek. Atorrasagastik eta Iriondok gidatuko dituzte tailer horiek, baina laguntza behar izanez gero, gertu izango dituzte diseinatzaileak ere, eta haiengana jotzeko aukera izango dute. Tailerretan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko, nahikoa izango dute jarritako ordurako plazara azaltzea.

Arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara, haurren txanda izango da berriz ere. "Bigarren eskuko arropa jarriko dugu haien eskura, eta goizean sortutakoak eta bigarren eskuko arropa hori erabilita, janzteko moduko zerbait sortu beharko dute. Ondoren, beraien sorkuntzak herritarrei erakusteko desfilea egingo dute", azaldu du Atorrasagastik. Onenentzat sariak ere egongo direla aurreratu du antolatzaileak.

Egunari bukaera emateko, 20:00etan hasita, moda desfilea egingo dute plazan. Hain zuzen ere, goizean postuak jarriko dituzten lau diseinatzaileen sorkuntzak erakutsiko dituzte desfile horretan, eta modelo lanak boluntarioek egingo dituzte. "Instagramen bidez egin genuen deialdia eta oso erantzun ona izan du. Hamabost bat lagun prest azaldu dira modelo lanak egiteko, horietatik bi mutilak eta lau edo bost oriotarrak", zehaztu du Atorrasagastik. Eguerdiko hutsartea eta 18:00etatik 20:00ak artekoa baliatuko dituzte iluntzeko desfilea prestatzeko. "Dirudiena baino lan gehiago dauka horrelako desfile bat prestatzeak eta inguruan jende asko izango dugu laguntzen. Esate baterako, Koldo Aranburu arduratuko da modeloak orrazteaz eta Olatz Elizondo makillatzeaz, biak oriotarrak eta gazteak. Garbi dago talentudun jende asko daukagula herrian, hori sekulako altxorra da, hortik ekimenaren izena, eta horientzat guztientzat erakusleiho bat izango da larunbatekoa".

Ekimena antolatzeko garaian, udalaren babesa eta laguntza ezinbestekoak izan dituztela nabarmendu Atorrasagastik.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide