PAPEREKOA

Gutuna: Ortzaikatik hondartzara bidegorria?

Eneko Gozategi 2022ko urr. 12a, 16:44

Bidegorria amaitzen denean, bizikletazaleek N-634 errepidearen azpiko pasabidetik pasa behar izaten dute.

Anibarko Portuko bizilagun Eneko Gozategik gutuna idatzi zuen urriko KARKARAn, herriko bidegorri sarearen inguruan, iraileko aldizkarian Izpiak eta Hizkiak atalean argitaratutako testuari erantzunez.

Anibarko Portuko auzokide bat naiz, askotan bizikletan ibiltzen dena, eta Orioko bidegorri sareari buruzko iritzia eman nahi nuke. Bide batez, 2022ko iraileko KARKARAn argitaratu zen Izpiak eta Hizkiak artikuluan esandakoa auzitan jarri nahi nuke.

Ortzaika eta Ibaiondo auzoen artean bidegorririk ez dago; bizikletek, oinezkoek, txakurrek, haurren karrotxoek eta abarrek elkarbanatzen dugun espaloi bat baizik. Gaztetxe parean, zoruen arteko desnibela saihesteko dagoen aldapatxoak koxka handiegia du, eta erortzeko arriskua dago. Pixka bat aurrerago joanda, Ibaiondoko etxeen parean, bidegorria oso estua da; alde batean kotxeak egoten dira aparkatuta, eta bestean, zuhaitzak. N-634 errepide azpiko pasabidea puntu beltz bat da bi norabideetan.

Moilako tartea ere ez da askoz hobea. Gune horren hasieran, udaletxe pareraino, autoak ibiltzen dira, zamaketa lanetan furgonetak sartu eta atera, errepidera sartzeko orduan ikusmena erabat mugatuz. The Pass, Arostegi eta Itsas-Etxe inguruan ere ez dago batere argi nondik hartu behar den Muntoko pasealekura joateko bidea. Bizikletazale gehienek The Passeko espaloira jotzen dute, gero Arostegineko lantegi parean kotxe tartetik Itsas-Etxera jotzeko. Bereziki arriskutsua da zati hori, eta hemen ere kaosa handia da: bizikletak, oinezkoak, autoak, karrotxoak, txakurrak eta abar.

Arrantzale kaleko bidegorria hartu nahi badugu ere, kontuak ez daude batere garbi. Oso nahasgarria da eta ahal duenak ahal duena egiten du, gehienek bide hauxe: Eusko Gudaritik barrena joan, Balea kalean ezkerretara jo eta bidegurutze bat pasatu ondoren, Olatu denda pareko bidegorria hartzen saiatu. Bidegorri zati horrek, ordea, hutsune handi bat dauka: ez dagoela beste bidegorri zati batekin lotuta, bertan hasi eta bukatzen da, inolako alternatiba seguru eta garbirik gabe. Gainera, zebrabide guztien inguruan ezin da zuzen joan, erremediorik gabe batera edo bestera jiratu behar delako. Beraz, bizikletazale askok nahiago du hondartzara joan edo etorri errepidetik barrena.

Egin berria den Bikamiota eta autopistako zubiaren arteko tartea zabalxeago izan zitekeela ere uste dut. Besteak beste, mugikortasun arauek gomendatzen dute hiru metroko gutxieneko zabalera izatea bi norabidetako bidegorrietan. Era berean, eta oinarrizko printzipio moduan, mugikortasun arau guztiek jasotzen dute oinezkoak eta bizikletak bidegorrietan ez nahastea.

Beraz, uste dut Orion daukagun bidegorri sareak gabezia handiak dituela: oinezkoen bideetan sartzen dira; seinaleak ez da nahikoak; eta ziklista hasiberri, adin txikiko eta eskarmentu gabekoentzat arrisku gune ukaezinak dauzka. Iruditzen zait bidegorri sare egoki eta seguru bat izatetik urrun gaudela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide