Moilako lanek trafikoan eragingo dute ostegunetik aurrera

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 11a, 17:08

Ostegunetik aurrera, ibilgailuek txandaka pasatu beharko dute moilak, eta hori bideratzeko, semaforoa jarriko dute. Tarteka, kamioien joan-etorriengatik, errepidea erabat itxi beharko dutela ere jakinarazi dute, baina mozketa puntualak izango direla. "Lanen zailtasun maila eta espazio falta ikusita", ahal dela ibilgailuekin moilatik ez pasatzeko deia egin du udalak.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak hasi ditu moila sendotzeko lanak, eta horiek trafikoan eragina izango dute ostegunetik, hilak 13, aurrera. Ibilgailuek txandaka pasatu beharko dute handik, eta hori egoki bideratu ahal izateko, semaforoa jarriko dute. Baina hori bakarrik ez; halakorik aurreikusi ez zuten arren, zuzendaritzak adierazi du errepidea bi noranzkoetan ere moztu beharko dutela tarteka. Mozketa puntualak izango direla esan du, kamioien sartu-irtenek eragindakoak.

Udalak adierazi du mozketen inguruko informazioa izan orduko jakinaraziko diela herritarrei. Dena dela, "lanen zailtasun maila eta espazio falta ikusita", obrak irauten duen bitartean, ibilgailuekin moilatik ez pasatzeko deia egiten du, "trafiko arazoak saihesteko eta oinezkoen pasabideari lehentasuna emateko".

Udalaren esanetan, "plaza eremua erabat borobiltzeko, Bordatxo parean hegalkia jartzea estrategikoa da herriarentzat, horrek herritar guztien irisgarritasuna bermatuko baitu". Horregatik, "orain abiatu den obrak hainbat endredo eragingo dituela jakinda", udalak "elkarlanerako eta lasaitasunerako" mezua helarazi nahi izan di herritarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide