Kanpinean igerileku eta ur-parke eremua egiteko prozedura berria abiatu du Orioko Udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 4a, 14:33

Orioko Udal Kanpina.

Bi aldiz atera ditu udalak kanpinean igerileku berria eta ur-parkea egiteko lanak lehiaketara, baina bi kasuetan hutsik geratu da lizitazioa. Horregatik, orain prozedura negoziatua abiatuko du.

2022ko urtarrilean udak kanpinean igerileku berria eta ur-parkea egiteko lanen lehiaketako plegu administratiboak eta baldintza teknikoak onartu zituen udalbatzak, baina lizitazioa hutsik aitortu dute, ez zelako proposamenik jaso. Orain, legeak baimentzen duen bezala, prozedura negoziatua abiatu du Orioko Udalak obra horiek bideratzeko. Gutxienez, hiru enpresa espezializaturi eskatuko die proposamena eta udalbatzarrak erabakiko du zein enpresari esleitu lanak.

Anuska Esnal alkateak, osteguneko udalbatzarrean, azaldu zuenez kanpineko igerilekuaren obrak bi aldiz atera ditu udalak lehiaketara. "Lehenengoz, 2021eko maiatzean, 850.000 euroko aurrekontuarekin. Guk ideia bota genuen, enpresek beren proposamenak egin zitzaten, eta hutsik geratu zen lehiaketa. Pentsatu genuen ez genuela asmatu lehiaketa aurkezteko moduarekin, eta handik sei hilabetera berriz deitu genuen lehiaketa, baina aurrekontu handiagoarekin, eta horrela ere hutsik geratu da. Guretzat kanpina urteko guztiko baliabide bihurtzea estrategikoa da, horregatik, hirugarren saiakera bat egingo dugu". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide