BPXport enpresak jarraituko du Karela kiroldegia kudeatzen 2024 urte hasiera arte

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 4a, 12:32

Karela kiroldegia. (Orioko Udala)

BPXport Kirol Zerbitzuak SL enpresari Karela kiroldegiko kudeaketa integralaren eta Arraunetxe eta Mendibeltz futbol-zelaia mantendu eta garbitzeko zerbitzuen adjudikazioa bigarrenez luzatzeko proposamena aho batez onartu zen pasa den osteguneko udalbatzarrean.

Iraileko udalbatzarrean, pasa den ostegunean, Karela kiroldegiko kudeaketa integralaren eta Arraunetxe eta Mendibeltz futbol-zelaia mantendu eta garbitzeko zerbitzuen esleipenaren gaia jorratu zen, eta Orioko Udalbatzak aho batez onartu zuen BPXport Kirol Zerbitzuak enpresarekin luzapen berria sinatzea; hala, luzapena 2024ko urtarrilaren 31n amaituko da. Dena dela, udalak bere gain hartuko ditu hainbat gainkostu: 2021eko urritik bigarren luzapena bukatu bitartean, energiak eduki duen prezio igoera diferentziaren kostua, eta zentroko langileekin hitzarmen berria sinatzeak ekarri dezakeen gain kostua.  

Gaia ulertzeko aurrekariak azaldu zituzten udalbatzarrean. Izan ere, 2013ako abenduaren 31n, Orioko Udalak eta BPXport Kirol Zerbitzuak SL enpresak esleipenaren kontratua sinatu zuten. Sei urterako kontratua zen, lau urte gehiago luza zitekeena, bi aldeek hala adostuta. Lehen bi urterako luzapena bideratu zen, baina 2021ko irailean 30ean BPXport enpresako arduradunak udalari idatzi bidez jakinarazi zion uko egiten ziola 2022eko urtarrilaren 31tik aurrera indarrean sartu zitekeen bigarren luzapenari. Egoera horren aurrean, ordura arte enpresak egin zuen "kudeaketa egokia" zela ikusita, esleipen berria ateratzeko behar ziren tramiteak egiteko bederatzi hilabeteko jarraikortasun akordioa onartu zuen Orioko Udalak, kontratu berria formalizatu bitartean. Dena dela, jarraikortasun akordioa amaitu baino lehen,  Orioko Udala eta BPXport enpresa akordio batera iritsi dira, eta hasiera bateko epeak errespetatuz, luzapen berria sinatzea erabaki dute.

Akordio berriaren nondik norakoak

Anuska Esnal alkateak udalbatzarrean akordio berriaren testuingurua argitu nahi izan zuen. "2019ko abenduan, uda gobernuan sartu eta berehala, BPXport enpresari luzapena eman ala ez erabaki behar izan zen. Ikusi genuen herrian bazela kirol instalazioen inguruko hausnarketa bat egiteko beharra, eta aho batez onartu zen bi urteko luzapena ematea. Mahai gainean hainbat kontu jarri genituen, baina tartean COVID-19ak sortutako izurritea eta kirol teknikariaren kargugabetzea etorri ziren, eta horrek eten egin zuen hausnarketa prozesua. Luzapena bukatu baino lehen, enpresak jakinarazi zuen uko egin nahi ziola esleipenari, energiaren prezioaren igoeraren ondorioz, lehen hiru hilabeteetan aurreikusitakoa baino lau aldiz gehiago ordaindu behar izan zuelako; gainkostu hori beregain hartu ezin zuela argudiatu zuen".

Horrez gain, Esnalek azaldu zuen bertako langileen lan baldintzen auziari konponbidea ematea ere garrantzitsua izan dela udal gobernuarentzat. "2011tik daude soldata izoztuekin. 2019an udalean sartu ginenean, berehala ikusi genuen horri konponbidea eman behar zitzaiola, baina soldata horiek lehiaketa bati lotuta egonda, konponbidea bilatzea ez da erraza. Horregatik, urtez urte akordiotara iristen joan gara, beren diru-sarreretan berez eduki beharko luketena izan zezaten. Egoera berri horren aurrean, beste luzapen bat negoziatu dugu enpresarekin, hiru erronka nagusi aintzat hartuta: energiaren gorakadari aurre egitea, zentroko langileekin lan hitzarmen berria sinatzea eta Orioko udal kirol ekipamenduen inguruan hausnarketa sakona egitea, kirol eredua goitik behera aldatzeko", azaldu zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide