Herriko surflarientzat hutsik egin ezinezko hitzordua izaten da Orioko Surf Txapelketa. Lehiatzera joanda batzuk eta giroaz gozatzera besteak, baina egun horretan Antilla hondartzan elkartu ohi dira posible duten guztiak. Eta halaxe izan zen igandean ere. Metro eta erditik gorako olatu indartsuekin, 50 bat lagunek parte hartu zuten txapelketaren 27. edizioan, eta eguraldi bikaina lagun, are gehiago izan ziren lehorretik haiei begira egon ziren herritarrak.
Goizean goiz hasi eta egun bakarrean jokatu zuten txapelketa, bost sailetan banatuta: Open, Neskak, Sub16, Bodyboard eta Master 50. Open mutiletan, beste behin, Einer Aranguren izan zen onena; Iñigo Fernandez gelditu zen bigarren; Liber Gesalaga hirugarren eta Lur Iglesias laugarren. Nesketan, Jone Uriarte eta Maitane Zinkunegi sailkatu ziren lehen bi postuetan. 16 urtez azpikoen txandan, Alex Etxeberria, Lur Iglesias, Iker Sarasua eta Beñat Gozategi sailkatu ziren lehen lau postuetan. Bodyboard modalitatean, Unai Zubizarreta, Mikel Atxega, Mikel Zabala eta Einer Aranguren izan ziren lehen lau postutan gelditu zirenak. Eta Masterretan, Joseba Agote eta Iñaki Zinkunegi izan ziren bi onenak. Aurtengo berrikuntza izan da Master kategoriaren sorrera.
Ohitura duen gisan, sariak banatu ostean, parte hartzaileen artean surferako materiala zozkatu zuen OST Orioko Surf Taldeak .