PAPEREKOA

"Herriko ohiturak eta harremanak asko aldatu dira"

Onintza Lete Arrieta 2022ko urr. 1a, 10:27

Tere Jesus Carrera. (Onintza Lete Arrieta)

Iraileko KARKARA aldizkarian, Tere Jesus Carrera izan zen Hitz Tantak ataleko protagonista. Izan ere, oriotarrak 38 urtez herriko loteria dendako martxa eraman du, eta erretiroa hartuko du laster. Elkarrizketa sarean dago irakurgai.

Tere Jesus Carrera Solaberrieta, Tere, (Orio, 1956), erretiroa hartzear da. 1984tik herriko loteria dendako martxa eraman du, eta badu bizitzako etapa berria hasteko ilusioa. 

Zuk eta zure familiak urte asko pasatu dituzue ilusioa partitzen herritarren eta bisitarien artean.

Batzuk bai. Nire aurretik izebak-eta beti saldu izan zituzten kinielak lokal honetan [Eusko Gudari kalean, zimitorioaren aurrean], bai hari denda egon zenean, bai liburu denda egon zenean. 1984an hasi ginen kinielez gain loteria saltzen. Estatuak Bonolotoa eta Primitiba atera zituenean, ez zeukan herri guztietan hori jartzeko sarerik, eta kinielak genituenoi aukera eman zigun; horrantz joan ginen pixkanaka, eta orain administrazio integrala gara; loteria bakarrik saltzen dugu. 

Oriotarrek badute zenbaki kutunik?

Zenbaki abonatua daukagu loteria saltzen hasi ginenetik: 70.237. Ireki genuenean hori bidali ziguten, eta astero-astero etortzen da zenbaki bera ostegunetan eta larunbatetan. 

Beste nonbaiten hartzen dute zenbaki bera?

Bai; erdiak hona etortzen dira, eta beste erdiak, Guadalajarara [Madril, Espainia]. Horrez gain, orain urte batzuk Orio Chipionarekin [Andaluzia, Espainia] senidetu zen, eta ohitura dugu guk gure zenbaki abonatua bidaltzekoa hara, eta haiek beste bat bidaltzekoa guri. Jendea etortzen zaigu abonatuaren eta Chipionakoaren eskean. Hangoa ez da beti zenbaki bera izaten; hori bai, beti 1 zenbakian amaitzen da. Zenbaki abonatua postaz ere bidaltzen dugu; hona urteren batean bisitan etorri eta gero, urtero-urtero deitzen dutenak badira zenbakia bidaltzeko eskatuz. Dagoeneko hasi dira Gabonetako ere deika. Dirua sartzen dute guk emandako kontu korrontean, eta kito. 

Zein izan da eman duzuen sari potoloena?

163.758 euro, 2017an. Futbol taldeko hamalau bat mutil gazteri tokatu zitzaien Bonolotoa. Pezetetan, bi milioi pezetatako sariak-eta eman genituen. Dezimoko 5.000 euroko saria ere izan genuen ostegunetako loterian. 

Sari berezienak ere horiek izan al dira zuretzat, ala baduzu besteren bat gogoan?

Ez, askotan ez baitira saria kobratzera hona etortzen; hortaz, ezin jakin nori tokatu zaion. 

Saririk ospatu al duzue?

Ez. Denek agintzen dizute tokatuz gero gogoratuko direla zutaz, baina gero... Tira, behin, 5.000 euro jaso zituen emakume batek bonboi kaxa bat eman zigun; eskertzekoa da. 

Turista dezente ibiltzen da herrian. Kanpokoek ba al dute loteria erosteko ohiturarik?

Bai, hemengoek baino gehiago. Madrildarrak eta katalanak, esaterako, bezero onak dira, eta udan lana ondo egiten dugu Espainiako bisitariekin. Beste herrialdeetan ez dago loteriarik, baina frantses batzuek ere erosten dute; Gabonetakoa, bereziki. 

Bezero hobeak dira gizonezkoak, ala emakumezkoak?

Gizonezkoak. Apustu gehiago egiten dituzte. Orain asko baretuta dago dena, egoera ekonomikoa ere halakoxea delako. Eta, esango nuke, sexuan baino, adinean dagoela aldea.

Adinekoak gazteak baino gehiago etortzen zaizkizu?

Zalantzarik gabe. Lehengo jendeak badu ohitura; batzuk egunero-egunero etortzen dira euro bat botatzera. 

Zeuk baduzu ohiturarik?

Bai, bai. Gabonetan, adibidez, herriko taberna guztietako zenbakiekin gelditzen naiz. Jubilatutakoan ezingo dut egin halakorik!

Hasi zinenetik, ohiturak majo aldatu dira...

Bai. Gure garaian kinielak sekulako arrakasta zuen, besterik ez zegoen eta. Gaur egun, apustu eta joko aukera zabala dago, eta gazteek horietan parte hartzen dute. Herriko ohituretan eta harremanetan ere antzematen dut aldea; lehen harremanak estuagoak ziren, eta herrian zerbait gertatzen bazen, berehala zabaltzen zen dendaz denda eta etxez etxe. Orain, bakoitza bere erara bizi da gehiago. Triste samarra da. 

Jubilatzean, zer asmo?

Bizitzea pixka bat!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide