Martxan dira Ludoteka eta Gaztelekua

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 14a, 09:10

Ludotekan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, eta izen-ematea bertara joanda egin beharko da, alegia, Ludotekan bertan. Taldeak osatzeko orduan, izen-emate ordena errespetatuko dute.

Aurten ere Txurrumuski Aisialdi Elkartea arduratuko da Ludotekako eta Gaztelekuko zerbitzuak eskaintzeaz. Irailean ate irekiak egingo dituzte Ludotekan, eta zerbitzuaren inguruan informazioa eskatzeko aukera izango da bertan.

Ohi bezala, Ludotekan bi talde bereiziko dituzte: astearte/ostegunetako taldea izango da bata, eta asteazken/ostiraletakoa bestea. Orotara, 5-9 urte arteko (HH5-LH3) 35 haurrentzako lekua egongo da, baina lekuak beteko balira, kopuru hori handitzeko aukera egongo litzatekeela aurreratu dutea.

Ludoteka zerbitzua erabili nahi dutenek, izena eman beharko dute, eta izena emateko orduan, taldeetako bat aukeratu beharko dute. Astelehenak, aldiz, txandakatzen joango dira, egutegian adierazitako koloreak errespetatuz, eta izaera askea izango dute, ekintzarik gabe.

Aurtengo berrikuntza nagusia, ekintzen ordutegiari lotutakoa izango da. Ordua bateratu egingo da, eta ondorioz, sarrera-irteeren ordutegia malgua izango da:

  • 16:45etik 18:00etara, sarrera malgua: haurrak pixkanaka gerturatuko dira eta bertako materialarekin eta beren artean jolastuko dira.
  • 18:00etatik 19:00etara, programatutako ekintza.
  • 19:00etatik 19:30era, gurasoak gerturatu ahala, haurra agurtuko da.

Gaztelekua

Gazteleku zerbitzua, berriz, 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek erabili ahal izango dute, ohiko ordutegian:

  • Astelehen eta ostegunetan: 16:45etik 20:00etara.
  • Ostiraletan: 16:45etik 20:30era.
  • Larunbatetan: 16:30etik 21:00etara.
  • Igandeetan: 16:30etik 20:30era
  • Astearte eta asteazkenak: itxita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide