120 metro luzeko horma irudia margotzen hasi da Udane Juaristi artista udalaren enkarguz

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 28a, 10:56

"Biziberritze Planean oinarrituta eta kanpineko pareta berritu behar zela ikusita" erabaki zuen Orioko Udalak artelan hori egitea, "herriko ondarea balioan jartzeko aukera aprobetxatuz". Ostegunean hasi zen lanean Juaristi, eta hiruzpalau astetan amaitzea aurreikusi du.

Orioko Udalak Udane Juaristi artista azkoitiarrari eskatu dio Orioko Kanpineko kanpoaldeko horma alderik alde margotzeko, mural edo horma irudia eginez. 120 metro ditu luzeran eta bi metro altueran, eta ostegunean hasi zen lanean. Juaristiren kalkuluen arabera, hiruzpalau astean amaituko du obra.

Udalak ohar bidez aste honetan azaldu ditu ideiaren jatorria eta xedea: "Urte hasieran aurkeztutako Biziberritze Planean oinarrituta eta kanpineko pareta berritu behar zela ikusita, herriko ondarea balioan jartzeko aukera aprobetxatzea erabaki du udalak. Hala, Orioren historiako elementu esanguratsuak bilduko ditu muralak". 

"Denak lotuta joan behar du, hor dago zailtasuna"

Juaristik horma irudia egin ahal izateko, pareta berritu egin du azken asteetan udalak, eta atzo arratsaldean bertan paretaren azken metroak zuriz pintatzen ari ziren.

Bitartean, lanean aritu zen Juaristi. Arrantzontzia, arrantzalea, kaioa... Pixkanaka ari da itxura hartzen azkoitiarraren murala. KARKARAri azaldu zionez, udalak argazki batzuk erakutsi zizkion, eta horietan oinarrituta diseinua egin zuen Juaristik, eta hortik ateratako bozetoarekin hasi da lanean.

"Herria hemendik pixka bat aparte gelditzen denez, udalak Orioren historia gerturatu nahi zion jendeari. Azken batean, Orioko bizitza irudikatuko du horma irudiak", azaldu zuen.

Juaristi formatu oso handietan lan egitera ohituta dago, eta kanpineko hormak bi metro soilik ditu altueran. Hortaz, hori ez da eragozpena berarentzat, bai ordea luzera: "Hormaren altuera erosoa da niretzat, baina 100 metro ditu luzeran, eta lan asko da. Zati batzuk utzi, planoekin-eta osotasuna eman... Horrenbeste metrotan denak lotuta joan behar du, orokortasuna behar du, eta hor dago zailtasuna".

Hormak zer itxura izango duen ez du aurreratu, baina bai emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erakutsiko dela, eta itsasoko giroa gailendu arren, baserria ere irudikatuta egongo dela. Koloreei dagokienez, kolore planoak erabiliko ditu guztiari jarraikortasuna emateko, eta tarteka elementu koloretsuak jarriko ditu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide