Arantxa Iglesias: "Parrandara alertan ari dira ateratzen neskak, ez gozatzera"

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 23a, 09:00

Veronica Huerto eta Arantxa Iglesias, uda honetan, SexuBizi gunean. (Utzitakoa)

SexuBizi zerbitzuarekin, furgoneta hartu eta herriz herri dabil uda honetan Iglesias oriotarra. Festen gunean jarri ibilgailua, eta herritarrei informazioa eta aholkularitza eskaintzen die genero indarkeriaz, sexualitate osasuntsuaz, nahiz LGTBIQ+ komunitateaz. Gazte asko gerturatzen zaizkiela esan du, baita guraso asko ere.

Azken urteetan gero eta sarriago ikusten dira herrietako festetan, gauez, informazio eta aholku guneak, udalen nahiz mugimendu feministaren ekimenez. Uda honetan, halako zerbitzua eskainiz dabil herriz herri Arantxa Iglesias oriotarra, SexuBizi gunearekin. Furgoneta dute, eta horri esker, "gune goxo bat eskaintzen diogu babesa behar duen horri". Karpa ere jartzen dute informazioa banatzeko, eta hala ibili da, besteak beste, Azkoitiko eta Debako festetan. Elgoibarko festetan izango dira datozen egunetan.

Festaz festa zabiltza udan, hainbat eratako informazioa eta aholkularitza eskaintzen. Zer egiten duzu, zehazki?

Alde batetik, informatu eta aholkatu egiten dugu harreman osasuntsuen inguruan, baita azaldu ere sexu eraso edo bestelako erasoen aurrean nola jokatu behar den. LGTBIQ+ komunitatearen inguruan ere informazio mordoa daukagu. Gure berezitasuna da furgoneta eramaten dugula, eta haren barrenean gune goxo bat dagoela, babesgune bat, beharra duena giro lasai eta seguruan egon dadin.

Zuengana hurbiltzen direnen artean, perfil jakinik badago?

Batetik, oso jende gaztea gerturatzen da, 16-18 urte arteko asko: kuriositatea izaten dute eta gai horiez hitz egiteko gogoa eta beharra izaten dituzte. Bestetik, gurasoak ere asko etortzen dira, batez ere seme-alaba gay edo lesbianak dituztenak. Horiek gure lana eskertzera etortzen dira. 

Esker oneko hitz asko jasotzen duzue, beraz?

Bai, jende asko gerturatzen da eskerrak ematera, hor egotearren eta emakumeak babestuta sentitzen direlako gure txoko horretan. Festen erdian egoten gara, eta ikusgarritasun horrek jendea lasaitu egiten du.

Aurten, gainera, ziztaden kontuak beldur asko zabaldu du.

Hori da; ikusten ari gara batez ere neska gazteak beldurrez ateratzen direla kalera. Beldurtuta daude, eta beti egoten da zerbait: komentario bat, gerturatze bat, ukitze bat... Gauza arinak izan arren, beti egoten da zeozer. Eta ziztaden beldur eta paranoia honekin, alertan ateratzen dira, eta ez gozatzera. Komunikabide guztietan uneoro azaltzen ari den kontua da ziztadena, eta sekulako alarma egoera sortu da. Neska batzuk cutterrarekin ateratzen ari dira parrandara. Eta galdera asko dituzte, zerbait gertatuz gero egin behar dutenari buruz.

Alarma horren aurrean, zuek zer mezu ematen duzue?

Guk uste dugu lasaitasun pixka bat behar dela. Adi egon bai, eta elkar zaindu ere bai, baina ez diezagutela kendu gozatzeko dugun hori. Alarma egoera sortu da, eta botere horrekin jokatzen dute, beldurrak ematen dien boterearekin; indarkeria mota bat da hori ere, azken batean.

Zuengandik hori entzuteak lasaitzen al ditu neskak?

Nik uste oso barneratuta dutela jada hori. Beraien artean ere, elkar asko larritzen dute. Istorioak kontatzen hasten dira, eta badakizu, handitzen joaten dira esamesak. Guk esaten diegu adi egoteko, bai, baina gozatu ere egin behar dutela. Pandemiaren ondoren, aurten uda normala pasatzeko eta gozatzeko aukera zuten, eta indarkeria mota honek egiten duena da emakumeen askatasuna kendu beldurraren bidez kontrolatzeko. 

Esan duzu gazte asko gerturatzen zaizuela. Zer galdera egiten dituzte, zer kezka dituzte?

Askotan beraien artean solasean aritzen dira, eta esaten dute etxean ez dutela sexualitateaz informaziorik jasotzen, eta ikastetxeetan ere hainbat gabezia dagoela. Gurekin partekatzen dituzte halako sentsazioak, baina lotsa ere sentitzen dute gauza batzuez hitz egiteko. Horrez gain, sexualitateari buruzko lanketa harreman heterosexualetara mugatzen dela ere esaten digute, LGTBIQ+ komunitatea ez dela batere aintzat hartzen. Entzunak sentitzeko behar asko dute gazteek. Askok ez dute lortzen gurasoekin, eta gure txokoan entzunak eta babestuak sentitzen dira. Aurten, nire ustez desberdintasuna dago beldur eta alarma horretan. Ziztaden beldur dira, baina baita bestelako erasoen beldur ere.

Sexu hezitzaile bati entzun nion gazteek beldurra galdu diotela sexu bidez transmititzen diren gaixotasunei, eta preserbatiboaren erabilera jaitsi egin dela. Zuek sumatzen duzue halakorik?

Doan banatzen ditugu hemen preserbatiboak, eta etortzen direnek, denek hartzen dituzte kondoiak. Baina, oro har, egia da beldur hori galdu egin dela. Bai gaixotasunen inguruan, bai haurdunaldien inguruan. Oso arin hartzen dute dena, nahiz eta azken urteetan berriz goraka doazen zenbakiak eta tasak gaixotasunei dagokienez.

Esan duzu jende asko eskerrak ematera gerturatzen zaizuela. Kontrako feedbackik jaso duzue?

Ez, batere ez. Festa guztietan aritzen da norbait graziosoarena egiten, baina bestelakoan dena dira esker hitzak. Hor gaudelako. Aurreko astean, adibidez, 15-16 urteko neska batzuekin hizketan aritu ginen, eta komentatzen ziguten ez dela sexualitateaz hitz egiten, gizartean ez dagoela normalizatuta eta beraiek eskatzen dutenean ikastetxeen partetik gaia sakontasun gehiagorekin lantzea, ez dutela erantzunik jasotzen. Lehen esan bezala, LGTBIQ+ kolektiboak gorakada handia egin du, eta asko gerturatzen dira eskerrak ematera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide