Gaurtik aurrera erabilgarri egongo da hondartzako bideko bidegorria. Horren obrak amaituta, errepidea ere zabalduko dute, bi noranzkoetan. Dena den, bidegorrian lurreko markak ezartzea falta da oraindik. Horiek asteartean margotuko dituzte.
Apirilaren 6an ekin zioen udalak autobideko eta Bikamiotako biribilguneen arteko bidegorria egiteko lanei. Asmoa uda aurretik bukatzea zen, baina "hornidura arazoak tarteko", abuztuko bigarren astera arte luzatu da obra.
Hondartzako bidegorriaren zatia falta zen orain arte Orioko bidegorri sarea osatzeko, eta behin hori burututa, osatuta dago sarea. Udalak azaldu du obra "garrantzitsua" izan dela, eta helburua dela hondartzako joan-etorriak erraztea eta eskolako ikasleei eragozpenik ez sortzea.