Do Re Ni elkartearen proiektu berria aurkeztu dute

Mikel Eizagirre 2022ko abu. 6a, 10:00

Argazkia: Mikel Eizagirre

Aurreko analisiko gaian are gehiago sakontzea dute helburu, hamabost urteko ikerketa zientifiko berri batekin. “Musikak osasun mental zein kognitiboan duen eragina” neurtuko dute oriotarren laguntzarekin, epe luzean.

Xabier Lizaso musikariak gidatutako Do Re Ni elkarteak epe luzeko ikerketa berria aurkeztu du Salatxo aretoan. Bertan azaldu duenez, 2022ko edizioaren probak abuztuaren 22tik irailaren 9ra bitartean gauzatuko dira, beste hamalau urtetan errepikatzeko perspektibarekin.

“Pixkanaka beste zenbait arlo neurtzen joan gaitezke, baina proiektuak berak erakutsiko digu noraino hel gaitezkeen”, dio Lizasok. Esate baterako, euskara mailari dagozkion probak egitea posible ikusten du musikariak, “Oriora bizitzera etorri diren erdaldunekin eta euskaraz dakiten haien seme-alabekin”. Proiektuak, zeharka, pertsona horiek euskara mailan jaso duten onura azter dezake Lizasoren ustez.

Zentzu horretan, “belaunaldi desberdinek parte hartuko duten proiektua” izan nahi du Do Re Nik. Bikoteka egingo da: aitona-amonak bilobekin, gurasoak seme-alabekin, familia bateko heldu bat beste familia bateko gazte batekin. Behin bikoteak osatuta, musikal txiki bat prestatu beharko dute partaideek.

Boluntarioei musikalaren aurretik neurketa zientifikoak egingo dizkiete, musikala burututa beste azterketa bat pasa beharko dute, eta handik bi hilabetera, hirugarren bat. Analisien datuak gorde, eta urtez urte laginak metatzen eta konparatzen joango dira. Bide horretan, Onetsine Arrizabalagaren aholkularitza zientifikoa jasoko dute. Lizasok azaldu duenez, Arrizabalaga izango da ikerketa mailan gidatuko dituena.

Ikerketaren esangura soziala

Lizasok aitortu duenez, erakundeak “oso kezkatuta daude zahartze demografikoaren auziarekin”. Arazo sozial horrek “gastu ikaragarria” dakarrenez, “gizartea martxa honetan sozioekonomikoki kataklismorantz” joango litzateke. Hortik dator osasun mental zein kognitiboaren kezka Do Re Ni elkartean ere. Ikerketek zentzu horretan abiatu zituzten, eta izurriteak indartu baino ez omen zituen egin azterketa horiek egiteko arrazoiak: “Osasun mentaleko arazoak lehen baldin bazeuden, biderkatu egin ziren”, gogorarazi du Lizasok. Musikarena “farmakorik gabeko terapia ederra” izaki, haren alde apustu egin dute musikari oriotarrak eta bere kideek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide