PAPEREKOA

"Teknologia guztia doa digitalizaziorantz"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 31a, 11:06

Xabier Murua ingeniaria. (Onintza Lete Arrieta)

Uztaileko KARKARA aldizkarian Xabier Murua ingeniaria elkarrizketatu genuen, eta sarean irakur daiteke orain.

Ingeniaria da Xabier Murua (Aginaga, Usurbil, 1981) Orioko bizilaguna. Hernanin egiten du lan, igogailuen kooperatiba handi batean, eta zazpi laguneko taldea koordinatzen du Ikerketa eta Garapen saileko departamentu batean. Egunerokoan erabiltzen duen igogailu oro arretaz begiratzen duela aitortu du.

I+G ikerketa eta garapen saileko departamentu bateko buru zara.
Bai, igogailu batek hainbat parte izaten ditu, eta zati horien arabera, I+Gn ere hainbat departamentu ditugu. Kabinak eta ateak ditugu batetik, makina bestetik, txasisa bestetik, eta elektronika edo maniobra, azkenik. Neu kabinen eta ateen departamentuko kudeatzailea naiz. Beste departamentu batean egiten dute sorkuntza lana, hau da, igogailu berrien edo elementu konkretuen prototipoak egiten dituzte, eta guk egiten duguna da horiek industrializatu edo seriean fabrikatu ahal izateko planoak sartu sistema guztian, eta sistema osoa egokitu, produktua fabrikan behar den bezala atera dadin.

Dezenteko lana, hortaz.
Lan pixka bat edukitzen dugu, bai, kar-kar.

Lan teknikoaz gain, talde bat koordinatu behar.
Hori da, kudeaketaren parte hori ere badu nire lanak, eta ez da egun batetik bestera garatzen gaitasuna. Pertsona bakoitza desberdina da, eta... Lanketa desberdina, baina polita da.

Duela 30 urteko igogailuek eta oraingoek zerikusi gutxi edukiko dute.
Ez daukate zerikusirik segurtasunari dagokionez; pixkanaka-pixkanaka, teknologian ere aurrerapenak ari dira egiten. Autoekin gertatu dena gertatu da beste sektoreetan ere: automobilgintzan erabateko aurrerapen teknologikoak egon dira, eta konpetentzia gero eta gogorragoa izan da. Sektore horretan bezala, gurean ere egokitu behar izaten dugu merkatu desberdinetan sartu ahal izateko eta horietan mantentzeko.

Etxe eta eraikinetara sartzean, arreta jarriko duzu igogailuetan, ezta?
Bai, geure etxekotik hasita! Goitik behera, ederki dakit zer daukan eta zer ez daukan. Gure sailean berez ez diogu horrenbeste erreparatzen konpetentziari, baina nik beti jarraitzen dut gertutik, bai, kar-kar. Mundu mailan aurrenak, bigarrenak, hirugarrenak... daudenek markatzen dituzte askotan tendentziak, eta haiengandik gertu egon beharra dugu. 

Eta zein dira tendentziak orain?
Teknologia guztia doa digitalizaziorantz: helburua da kabina ez izatea soilik gora eta behera dabilen zerbait, baizik eta elkar eragiteko aukerak eskainiko dituen tokia: pantailak edukitzea, adibidez. Mantenuari dagokionez ere, informazioa jaso nahi da bluetooth bidez, edo lainotik, makina txekeatu ahal izateko urrunetik, eta aurreikusteko laster zerbaitek huts egin behar badu. Ez da erraza, baina dauden teknologiak aprobetxatu eta horretara bideratzen ari dira. 

Herritarrek tamainan ere jarriko zuten arreta; lehen hiru lagun justu samar kabitzen ziren, eta orain oso zabalak dira.
Tamaina handiko kabinak badaude, baina hemen erabiltzen ditugunak zortzi pertsonarentzakoak dira, 630 kiloko muga dutenak. Oso estandarra da hori merkatuan. Tamaina baino gehiago, guk behar duguna da zerbait bereziagoa eskaintzea. Auto batetik bestera ere hala izaten da; zer ematen du berezia batek, besteak ez duena? Batek arrankea botoiarekin dauka, besteak ez dakit zer.... halako xehetasunak. 

Hemendik urte batzuetara nolako igogailuak edukiko ditugu?
Salto handiena teknologiari erabat lotuta etorriko da: uste dut aukera emango duela sakeleko telefonotik igogailua eskatzeko kaletik oinez zoazen bitartean, eta zure ohiturak eta gustuak ere ezagutuko dituela. Igogailu barruan, berriz, ziur egongo direla mezu, informazio eta abarrak, pertsonalizatuta. Ukipen pantailak eta halakoak ere egongo dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide