Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak Arkaitzerrekako ustezko isurketaren inguruko ikerketa zabaldu duela jakinarazi du prentsa ohar bidez GuraSOS elkarteak. Uztailaren 13az geroztik erreka berriz ere kutsatuta ote dagoen argitu nahi dute, eta hala balitz, baita kutsaduraren egilea nor den zehaztu ere.
Dekretuak GuraSOSek uztailaren 14an fiskaltzaren aurrean aurkeztutako salaketari erantzuten diola esan du elkarteak. Balizko isurketak aurkitu nahi dituzte bertan, eta horretarako, kutsaduraren jatorria, irismena eta eragina arakatuko dute. Izan ere, une honetan ezin dute kaltearen erantzulea nor den ziurtatu.
Hala ere, Usurbilgo Udalak lortutako ur-laginen analisien lehen emaitzak ezagutzera eman dituzte. GuraSOSek fiskaltzari adierazi zionez, kutsadura maila "altua eta begi-bistakoa" zen Arkaitzerrekan. Gainera, aurrez ere egoera kaskarrean omen zegoen ingurua, 2020ko amonio-isurketen ondoren.
Fiskalburuak Ingurumeneko Fiskalaren esku utzi du ikerketa. Uztailaren 19an, berriz, Guardia Zibilaren Seprona ikerketa taldeak operazioa abiarazi zuen. Guardia Zibilaren bi patruila azaldu ziren herenegun, eta atzo laginak hartzen aritu ziren.