Txirrindulariak Usurbildik iritsiko dira, eta Zarautzerako bidea hartuko dute N634 errepidetik. Hori dela eta, errepidea moztuta egongo da zenbait momentutan. Errepidea itxita den bitartean, Txanka-Hondartzako bidea baino ez da egongo erabilgarri herritik ateratzeko. Bilborantz joateko, berriz, Aritzetan egin beharko da norabide-aldaketa.
12:17-12:29 aldean helduko da lasterketa Oriora. Ondoren, kostako gainontzeko herriak gurutzatuko ditu: Zarautz, Getaria eta Zumaia, hurrenez hurren. Zumaia utzita, Arroa aldera iritsiko dira txirrindulariak. Segidan, eskualdetik irtengo dira une batez, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibar igarotzeko. Elgoibarko autobideko ordainlekuaren aurreko biribilgunetik Azkoitiko Azkarate mendaterantz jarraituko du probak, eta handik iritsiko da Azkoitira. Azkoititik Azpeitirako bidea hartuko du tropelak, eta Urrakiko mendatean utziko dute eskualdea, Bidania-Goiaztik Tolosarako bidea egiteko.
Lasterketak sei mendate puntuagarri izango ditu aurtengo edizioan ere. Horietako bi, Azkoitiko Azkarateko mendatea (3. mailakoa) eta Azpeitiko Urrakiko mendatea (2. mailakoa). Izatez, probako lehen bi mendateak izango dira beste behin Azkarate eta Urraki. Jarraian, herri eta mendate bakoitzaren aurreikuspen guztiak:
- Orio: 12:17-12:19 aldean.
- Zarautz: 12:25 eta 12:28 aldean.
- Getaria: 12:30 eta 12:34 aldean.
- Zumaia: 12:38 eta 12:43 aldean.
- Arroa: 12:43 eta 12:48 aldean.
- Azkarateko gaina: 13:22 eta 13:32 aldean.
- Azkoitia: 13:31 eta 13:42 aldean.
- Loiola: 13:36 eta 13:47 aldean.
- Azpeitia: 13:39 eta 13:51 aldean.
- Urrakiko gaina: 13:52 eta 14:05 aldean.