Herriko bistak, airetik

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza 2022ko uzt. 22a, 15:48

Parapentea airean hegan. (Gipuzkoako Hitza)

Ohikoa da Orioko Antilla hondartzatik parapenteak hegan ikustea, eta Gipuzkoako Hitzak erreportajea egin du gaiaren inguruan. Izan ere, uda garaian, eguraldia lagun, nabarmen igotzen dira aireko kiroleko jarduerak. Parapentea da horietako bat. Bezeroak asebeteta ateratzen dira, paisaiagatik eta esperientziagatik.

Lauzpabost metroko lasterketa txiki bat egin behar dugu, eta orduan parapentea zabaltzen da. Salto egin, eta hamar metroan airean zaude, eta, behin airean zaudela, zera egin behar da: disfrutatu”. Horixe egin behar dute, Aitor Herran Orioko Urrutisport aire kiroletako enpresako langilearen esanetan, beren enpresarekin parapentean ibiltzera joaten direnek. Horixe soilik, handik aurrera, “gozatzea” besterik ez baitzaie geratzen. Uda garaia da, eta, eguraldia lagun, Gipuzkoako kostaldean ugaritu egin da paseoa zerutik egiten dutenen kopurua. Urrutisporteko agendari begiratu besterik ez da egin behar hori egiaztatzeko: arratsalde guztiak dituzte saioz lepo.

Haizea eta ateri egotea, biak behar ditu parapenteak. Horretarako garairik onena uda dela dio Herranek: “Guk urte osoan eskaintzen dugu, baina negua heltzen denean egunak motzak dira, euria egiten du; euriarekin ezin da, eta hotz egiten du. Askoz atseginagoa da uda partean, udaberrian hasi eta udazkenera arte”. Hilabeterik jendetsuenak ekainetik urri bueltara artekoak direla zehaztu du. Iñigo Martinez Gipuzkoako Aire Kirolen Federazioko lehendakariaren esanetan ere, berez martxotik urrira artekoak dira hilabeterik egokienak gisa horretara hegan egiteko.

Esperientzia “polita”

Asteartean izan ziren Orion parapentean Iñigo Olañeta eta Larraitz Carracero bikotea eta haien seme Eneko Olañeta (11 urte). “Orion beti ikusi izan ditugu parapenteak hegan, eta pentsatu genuen: ‘Zergatik ez guk?'”, esan du Olañetak. Behin lur hartuta, pozik ageri ziren hirurak: “Asko gustatu zaigu, oso esperientzia polita izan da”.

Horixe izaten da, oro har, bezero gehientsuenen sentsazioa, Herranen iritziz: “Gehienak zoriontsu jaisten dira, irribarrez. Askotan etortzen da jendea bere ametsa hegan egitea izan dela esanez. Parapentearekin ez daukazu zaratarik. Haizearen zarata baino ez da entzuten; txoriak bezala ibiltzen zara. Jendeak asko gozatzen du”. Bat dator Olañeta: “Oso sentsazio polita da hegan egitea; airean flotatzen ari zara. Eta bistak izugarriak dira. Eserita zoaz, sofa batean bezala, baina sekulako bistekin”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide