Arrauna familiatik al datorkizu?
Bai. Nire gurasoak Nuestra Señora de los Remedios de Tiraneko zuzendaritzako kideak ziren. Ondoren, San Juan de Tiranekin bat egin eta gaur egungo Tiran sortu zen. Fitxa izan aurretik hasi nintzen arraun lanetan. Adibidez, seniorrekin patroi irteten nintzen. Familiako kluba zenez, bada, txiki-txikitan hasi nuen bidea.
Hainbat taldetan egindako ibilbide luzearen ondoren, Oriokoa erretiratu aurreko fasea da? Nola sortu zen hemen arraunean egiteko aukera?
Kontua aspalditik dator. Pentsa, 1996. urtean, udaletxeko balkoian Kontxako estropadako ospakizuna egin genuen. Guk finala irabazi bagenuen ere, Orio izan zen txapeldun, denbora baturarengatik. Igandean, ospakizun egunean, balkoira gonbidatu gintuzten; Tiraneko talde osoa! Horrek sakon markatu ninduen. Ordutik nuen Orion arraun egiteko gogo handia. Eta hara noiz sortu zaidan aukera, erretiratzea buruan nuenean. Aukera Salsamendiren eskutik etorri zait. Izan ere, hura entrenatzaile izan nuen Bermeon. Oso ondo konpontzen gara, eta hark hots egin zidan. Orion erretiratzen banaiz, ni pozik.
Zein dira taldearen indarguneak?
Taldearen indargunea dugun batasuna da, kideen arteko adiskidetasuna eta elkarrekiko dugun laguntasuna. Nahiz eta beste urteetan baino potentzia txikiagoa izan, aurten gauza politak egin ditzakegula uste dut. Bestalde, oso talde gaztea da, ikasteko gogo handia duena. Nire iritziz, lorpen handiak egiteko gai izango da epe ez oso luzean. Oso zaila izango da baina, horretarako jarraikortasuna behar baita.
Zergatik diozu hori?
Bada, oro har, geroz eta arraunlari gutxiago dagoelako, eta jendea lotzea zaila izaten delako. Klubak hartzeko prest dauden zuzendaritza taldeak ere urriak dira azkenaldian. Horrela oso zaila da proiektu bati jarraikortasuna ematea. Oro har, esango nuke klubek epe luzerako planteamendu erakargarriak eduki ezean, zaila dela arraunlari berriak erakartzea edota klubean daudenei eustea. Orio ondo ari da lanean, baina horrek ez du esan nahi zailtasunik ez dagoenik. Hori gutxi balitz, kontuan izan behar da arraunak eskatzen duena: entrenamenduak, dieta, hondartzara joan ezina… Egungo belaunaldiak ez daude halako sakrifizioak egiteko prest. Begira ni. Nire ustez, 47 urterekin, ez nukeen arraunean jarraitu beharko. Hori arazoaren adierazgarri da.
Zer eskaini diezaiokezu taldeari?
Dudan esperientzia da taldeari ematen saiatuko naizena eta, zentzu horretan, ahal dudan ekarpenik handiena egiten saiatuko naiz. Hortik aurrera, traineruan postua lor badezaket, are hobeto. Dudan guztia ematera nator eta, noski, nire postuarengatik lehiatzera.