"Denboraldi hasieran gustatuko zitzaigukeen gauden bezala egotea"

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 19a, 11:27

Nadeth Agirre Orioko banderarekin garaipena ospatzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Nadeth Agirre Orio Orialkiko patroia gustura da azken bi banderak lortuta

Asteburuan egindakoarekin pozarren dira, nola ez, Orio Orialkiko emakumezkoak, bitik bi bandera irabazi baitituzte, horietako bat etxean, gainera. "Denboraldi hasieran gustatuko zitzaigukeen ligaren puntu honetan orain gauden bezala egotea", adierazi zion Nadeth Agirre patroiak igande arratsaldean hedabide honi, KAE1 ligakoen Orioko erlojupekoa ikusten ari zela. "Larunbatean etxean irabazi nahi genuen, lider jartzeko. Igandean, berriz, hutsetik hasi ginen, geure lana eginez. Kanpoalderakoan zalantzak izan genituen; izan ere, ez nuen ondo entzuten entrenatzaileak esaten zidana, eta Zierbenako joko eremua zelebrea denez, erreferentziarik ez nuen. Behin ziaboga eman eta aurretik ginela ikusita, ordea, bueltako luzean gozatu egin genuen".

Asteburura arte bigarren ziren Oriokoak sailkapen orokorrean, Arraun Lagunak taldearen atzetik; orain, horri buelta eman, eta aurrenak dira, Donostiakoei bi puntuko aldea aterata. Asteburuan ez da jokatuko Euskotren ligako norgehiagokarik, baina asteleheneko Euskadiko Txapelketa prestatu beharko dute.  

Beldurrak uxatuta
Agirrek gogoratu du denboraldia beldur pixka batekin hasi zutela, "bloke zehatzik ez geneukalako osatuta". Asteburuan bertan "aldaketa dezente" egin ditu traineruan Patxi Frances entrenatzaileak; eta "azpimarratzekoa" iruditzen zaio Agirreri "aldaketak aldaketa, irabazteko lehian aritzea". Entrenatzaile berriarekin "oso gustura" agertu da. "Uste dut bera ere hala dagoela gurekin. Guk asko eskatzen diogu geure buruari, eta alde horretatik, lana errazten diogula uste dut", esan zuen.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide